J.L.
Harri-zulatzea

Kabiezesek irabazi du Ligako jardunaldia

Kabiezesek irabazi zuen atzo Euskal Herriko Ligako bigarren jardunaldia, eta berriro ere Ortuellako Burdin Gazteak taldea izan zen bigarrena. Jokatu diren hiru probetan amaitu dute bigarren ortuellarrek. Orain arte nagusi izan den Trapagako taldea, berriz, atzo ez zen horren fin aritu.

Kabiezesek lehia oso polita izan zuen Burdin Gazteak taldearekin. Biek gainditu zuten 13 zuloko langa, baina azkenean lehenengoak izan ziren hobeak. Gainera, azken txanpan etekin ederra lortu zuten. Guztira 13 zulo eta 10 zentimetroko markarekin lortu zuten garaipena.

Berriro ere lan bikaina egin zuten Ortuellakoek, baina aurrez aipatu bezala bigarren postuarekin konformatu behar izan zuten amaieran. 13 zulo eta 1,5 zentimetroko markarekin amaitu zuten bigarren postuan. 

Trapaga orain arte oso indartsu agertu da proba guztietan, aurreneko biak irabaziz, baina, aldiz, atzokoan hirugarren postuarekin konformatu behar izan zuen. 12 zulo eta 10,4 zentimetroko markarekin lortu zuen aipaturiko postu hori. Atzetik, Piratak taldea sailkatu zen, 11 zulo eta 11 zentimetroko marka lortuta. Bosgarren postua eskuratu zuen Errekatxok, 10 zulo eta 7 zentimetrorekin, eta sailkapena KZ Kolpeka taldeak itxi zuen, 4 zulorekin. Talde hori emakumezkoek osatzen duten bakarra da.