Jon ORMAZABAL
PILOTA

Jokin Altunak lau kilo galdu zituen Eibarren jokatuta

Amezketarra hobe sentitzen hasia da eta igandekoa «orain arteko garaipenik gogorrena» izan dela dio.

Ekaitzaren ostean barealdia omen dator eta, pixkanaka bada ere, Jokin Altuna ari zaio asteburuan gogor kolpatu zuen tripetako gaitzari buelta ematen. Atzo eguerdirako hobeto sentitzen hasia zen, baina nabarmenak ziren gastroenteritisak eragindako kalteak, esaterako, 24 ordu eskasetan 4 kilo galdu zituen. «Hobeto nago, atzo [igandean] oso ahul etorri bainintzen etxera. Gaixo egonda ahul egoten zara, eta, gainera, partida jokatuta sekulako astindua neukan gainean. Gau txarra pasa dut baina gero goizean pare bat ordu lo egin ditut eta orain hobetoxeago nago. Pentsatzen dut birusa joaten ari dela, eta nekea egun batzuekin errekuperatuko da», azaldu zuen Euskadi Irratian egindako elkarrizketan.

Igandean Elezkanoren aurka zuen partida bertan behera uztekotan izan zen amezketarra, baina, eguerdian zerbait jateko gai izan zen eta Astelenara joateko hautua egin zuen. «Larunbat gauean nekea sentitzen nuen eta atzo goizean esnatu eta sekulako mareoa nuen, tripetatik gaizki eta komunera bueltaka erabat. Gero pastilla bat hartu nuen hura mozteko eta arratsaldean partida hasi baino 20 minutu lehenago egun guztian zehar hartu nuen guztia bota egin nuen berriz ere. Kantxara hustuta irten nintzen eta bukaerarako ezin nuen ia zutik egon. Ez dakit nola irabazi nuen eta egia esan orain arte izan duda garaipenik gogorrena izan da, baina gustura irabazita».

Gertukoenek baino ez zuten bere arazoen berri frontoira heltzean. «Ekaitzekin hitz egin nuen goizean eta berak esaten zidan oso gaizki egonez gero, ez joateko, eta, egia esan, arrazoi pixka bat bazuen; ez nuen uste gero kantxan horrenbeste sufrituko nuenik. Baina joan eta irabazi nuen eta pentsatzen dut galdu izan banu oraindik gogorragoa egingo zitzaidala errekuperazioa». Horren ahul egonda, ez du uste etzi Mungian jokatzerik izango duenik eta iganderako osatuta egotea da bere asmoa, San Fermin Torneoko kaiolakoa jokatzeko.