Jon ORMAZABAL
PILOTA

Neskak ere, uda betean

Emakumezkoen Master Cup txapelketaren arrakastaren ostean, herri gehiago animatu dira partida eta txapelketak antolatzera. Leire Etxanizek, esaterako, bere hurrengo partida guztiak eskuz jokatuko ditu.

Uda sasoian izaten dira maila guztietako pilotarien agendak beteen eta esku pilotan aritzen diren neskak ere sasoi bete-betean sartuta daude. Azken bi urteetan antolatu diren Emakume Cup eta Emakume Master Cup txapelketek arbola astindu dute eta, pixkanaka bada ere, fruituak erortzen ari dira eta ez dira gutxi emakumezkoen esku pilota jaialdiak eta txapelketak antolatzen ari diren herriak. Getarian, esaterako, 16 bikote ari dira parte hartzen.

Bada oso esanguratsua den datu bat ere. Orain arte, pilotan aritzen ziren emakumeen artean ohikoena palan jokatzea izaten zen, baina hau ere aldatzen ari da. Leire Etxaniz, bi jokamoldeetan bikain moldatzen da, baina «momentuz itxita ditudan hurrengo partida guztiak esku pilotakoak dira, palaz bat ere ez», azaldu zion GARAri etxebarriarrak. Hurrengoa, gainera, berezia izango da, Sopelan jokatuko baitu igandean, Aspeko gizonezko profesionalekin jaialdia partekatuz. «Guretzat berrikuntza bat da eta ea gizonezkoen aitzakiarekin jendea gu ikustera animatzen den. Oraindik kosta egiten da, baina pixkanaka badoa animatzen jendea».

Aurretik ere izan du esperientzia berririk; izan ere, Aste Santuan Leonen (Espainian) ere aritu ziren jokatzen. «Polita izan zen; bertako jendea oso hurbila da, eurentzat neskak ikustea oso berria zen eta oso gustura ibili ginen». Abuztuan Gaztelako lurretara itzultzeko aukera ere izan dezakete.

Olatz Arrizabalaga gernikarrarekin Master Cup txapelketaren egungo txapelduna da Etxaniz eta lehiaketa honek pilotariei ateak ireki dizkiela uste du. Horrela, oraingoz, sei partida ditu itxita uztailerako eta beste hiru bai abuzturako.

Eskaintza anitza

Iker Amarika larrabetzuarra izan zen bi txapelketa horien antolatzailea eta gertu-gertutik ezagutzen du emakumezkoen esku pilotaren egoera. Bere iritziz, «ikusten da herri batzuk apustua egiten ari direla emakumezkoen esku pilotaren inguruan eta pixkanaka gauzak aurrera doazela. Azkenean. Emakumeen Master Cup txapelketak horretan lagundu du, erakusleihoan jarri du kontua eta oihartzuna izan du», adierazi zigun.

Ez du egun hauetan antolatu diren txapelketa guztien berri, baina berak ematen dizkie pilotarien kontaktuak antolatzaileei eta mugimendua sumatzen du; Getaria, Añorga, Antigua, Basauri, Deustu, Zornotza... herri horietan guztietan antolatu dira jaialdiak edo txapelketak eta bihar bertan Zumaian ere egongo da nesken arteko esku pilota partidarik.

Tarteka, hainbeste partida jokatuta, izaten da ordezkoren bat topatzeko arazorik, baina azkenean moldatzen omen dira. Gainera, Master Cup txapelketan aritu ez ziren baina pilotan jokatzen duten gero eta neska gehiagoren berri izaten ari dira eta oso itxaropentsu dago, udazkenean antolatuko duten txapelketa berrian, buruz burukoan, mugimendu honek guztiak izan dezakeen eraginari begira.

 

Antiguan ere izango dute lekurik

Atzo aurkeztu zen Antiguako txapelketak badu berrikuntza nagusi bat; 68 urteren ondoren, emakumezkoen txapelketa bat ere antolatuko dela. Abuztuaren 22 eta 23an, gizonezkoen finalerdiekin batera, neskenak jokatuko dira. Gonbidapen bidez, Maite Ruiz de Larramendi, Leire Garai, Miren Larrate eta Alba Martinezek jokatuko dituzte eta bi irabazleak abuztuaren 27ko finaletan arituko dira.

Mutilen txapelketari dagokionez, aurten 36 pilotari arituko dira promesetan eta nagusietan. Jesus Mari Rubio antolatzaileak azaldu zuenez, «aurreko urteetan baino gutxiago dira eta horren arrazoia ezaguna da pilotazaleen artean: azken bi urteetan amateur askori heldu zaiola profesional izateko aukera». Horregatik, aurreko urteetan baino buruhauste gehiago izan omen dituzte taldeak osatzerakoan, baina ziur daude maila bikaineko partidak ikusi ahal izango direla Antiguako frontoi txikian, uztailaren 11n hasi eta abuztuko azken igandera arte. J.O.