Aitziber Pz. KARKAMO
Kazetaria

Astelehen lilak, pentsaera iluna

Iragan astean eman zuen jakitera Iruñeko alkateak aurtengo sanferminetan txupinazoa jaurtiko duenaren izena. Lau ziren aukerak eta, iruindarrei zabaldutako lehiaketaren ostean, DYAri egokitu zaio suziria botatzeko ohorea.

Herritarren erabakia izanik, prozesuak merezi duen errespetua zikintzera etorri dira UPNkoak, beste behin ere izaera demokratiko eskasa erakutsiz. Euren gustuko aukera zen DYA zoriontzea nahikoa zuten. Baina poza adieraztearekin batera, hautagaien artean DYA aukera erreal bakarra zela zabaldu zuten sare sozialetan, beste hautagai ziren Andrea/Astelehen Lilak, Bilgune Feminista eta Iruñea Harrera Hiria ekimenak gutxietsiz.

Denentzako hitzak izan arren, Andrea/Astelehen Lilak elkartearengan jarri nahi dut arreta, Asun Casasolak bota behar baitzuen txupinazoa horren izenean eta ez zait otutzen pertsona egokiagorik egintza horretarako sanferminetan hiltzaile matxista batek akabatutako neska baten ama baino.

Asun Casasolak urteak daramatza mespretxuak jasotzen, bere alaba Nagore Laffage hil zuten unetik UPNko askok erakutsi izan dizkiozuen mespretxuetatik hasita. Hala eta guztiz ere, Asunek ez du sekula zuon moduko gorrotoz beteriko adierazpen iraingarririk egin eta, garrantzitsuena, Asunek ez du sekula galdu zuok aspaldi faltan duzuen duintasun eta dezentzia politikoa.