GARA
GASTEIZ

Eraso sexisten kontra Gasteizko jaietan ere

Gasteizko Udalak, gizarte zerbitzuekin, Udaltzaingoarekin eta Ertzaintzarekin batera, protokolo bat garatu du jaiak eraso sexistarik gabeko gune izan daitezen. Andre Maria Zuriaren jaiak abuztuaren 4tik 9ra bitartean izango dira eta 350 bat ekintza izango dira bertan.

«Gizon eta emakumeen arteko harremanak beti errespetuan oinarritu behar dira, bereziki jaietan», adierazi zuen atzo Gorka Urtaran alkateak. Helburua argi horrekin, Udalak eraso sexisten kontrako protokolo bat jarri du martxan eta Ertzaintzarekin batera arituko da lanean.

Bestalde, espazio batzuetan, Aihotz plazan, esaterako, programazioa guztiz euskarazkoa izango da, eta Foruen plazan bi euskal taldek joko dute: Zea Mays eta ETS.

Berritasun gisa, abuztuaren 4an eta 9an, hots, Zeledonen jaitsieran eta igoeran, Udalak ez du Andre Maria Zuriaren plazara beirazko botilarik sartzen utziko.