Iraia OIARZABAL
GENEROARI BURUZKO IKASTAROA

EMAKUMEA NOLA IKUSARAZTEN DEN, ETENGABEKO BORROKA

EZAGUNAK DIRA IZEN ETA ABIZENEZ, EUREN IBILBIDE PROFESIONAL OPAROA DELA-ETA, BAINA BARBARA GOENAGAK ETA NAROA AGIRREK BADUTE BESTE ZEOZER ERE AMANKOMUNEAN: EMAKUME IZATEA GIZONAK NAGUSI DIREN BI MUNDUTAN. EUREN ESPERIENTZIAK PARTEKATU ZITUZTEN ATZO DONOSTIAN, BAKOITZAK BERE GAZI ETA GOZOEKIN.

«Oso gutxi teorizatu dut honetaz –generoaz–, detaile txikiak sumatuak nituen, baina hona etortzeko deitu zenidatenean hasi nintzen pentsatzen eta oso haserre jarri naiz azken egun hauetan», hala eman zion sarrera bere hitz-hartzeari Barbara Goenaga aktoreak atzo, Donostian, “Emakumeen tokia(k) XXI. mendean” mahai inguruan. Naroa Agirre atleta izan zuen bidelagun, EHUk generoaren inguruan antolatutako ikastaroaren baitako arratsaldeko saioan. Gela beteta zegoen, jendea bi emakumeok kontatzeko zutena entzuteko irrikaz zegoen seinale.

Era hurbilean jardun ziren hizketan; besapean azpimarratutako paper sorta ekarri arren, euren egunerokotasunak erakutsitakotik aritu ziren azkenean. Horrek atsegina egin zuen solasaldia eta ondorio argia ateratzen lagundu zuen: gizartean orokorrean, eta zinema edo kirol arloan zehazki, emakumea nola ikusarazten den erroan dauden ezberdintasun egoeren ondorio eta kausa dela.

«Zein eratako bisibilitatea ematen didaten, horrek kezkatzen nau gehiago», adierazi zuen Goenagak publikotik emakumeen ikusgaitasunaz galdetuta. Adibide garbiak jarri zituen, lotsatu gabe, esaterako bere jarduna bere intimitatearekin lotzeko joera. «Gazte nintzenetik, eta gaur egun oraindik ere gertatzen zait, argazki oinetan ‘la novia de...’ bezala aurkeztu izan naute. 19 urterekin agian ez diozu garrantzirik ematen, molestia txiki bat baino ez da», aitortu zuen bere amorrua ezkutatu gabe. Lorpen profesionalen edo esperientziaren gainetik halako kontuek pisua irabaztea gehien atsekabetzen duen gauzetako bat dela azpimarratu zuen.

Agirrek iazko Rioko Olinpiar Jokoetan zabaldutako albiste bat gogoratuz erantzun zuen kirol arloan ere mezu horiek presente daudela adierazteko, brontzezko domina baten irabazlea izenez aurkeztu beharrean beste kirolari baten emazte gisa identifikatu zutenean. Emakumeen ibilbide profesionalari dagokionez, oro har, fokua gaizki jartzen dela aipatu zuen: «Zergatik hitz egin behar da, adibidez, emakumeen janzkeraz? Gizonen kasuan ez da halakorik gertatzen».

Goenaga eta Agirreren ustez, anekdota horiek erakusten dute emakumeen intimitatean errazago sartzen dela muturra.

Konplizeen beharra

Pertika jaurtiketan maila gorenean aritu da Agirre. Goenaga 3 urte zituela hasi zen aktore lanetan eta hamarka film eta telesailetan aritu da. Lorpen itzelak izan dituzte eta horra iristeko ibilbidea nolakoa izan den jakin nahi izan zuten entzuleek. «Generoak mugatu zaituzte?», galdegin zuen moderatzaile lanetan aritu zen Marijo Olaziregik. Izan ziren ñabardurak erantzunetan. Agirrek, adibidez, atletismoaren berezko ezaugarri direla-eta ezberdintasunik ez duela nabaritu baieztatu zuen. «Jabetzen naiz orokorrean kirol munduan ezberdintasun handia dagoela. Atletismoan denok elkarrekin parte hartzen dugu eta ez dut hori nabaritu. Sentsazioa dut mutila izan banintz berdin tratatuko nindutela», aipatu zuen.

Goenagak ezberdin bizi du eta zinemaren arloan arazoa oinarrian dagoela azaldu zuen. «Emakume eta gizonen ibilbidea ez da ezberdina, arazoa prozesuaren hasieran dago. Emakumezko gidoilari, ekoizle eta zuzendarien falta dago. Horrek lotura du zabaltzen diren emakume estereotipoekin, hasierako prozesuetan emakumerik ez dagoelako», adierazi zuen.

Bukatze aldera aldaketen beharraz ohartarazi zuten eta bi puntutan jarri zuten arreta: hezkuntzan eta gizonen inplikazioan. Lehenengoa «asimilatuta» dauden inertziak aldatzeko ezinbestekotzat jo zuen Agirrek: «Gehien kezkatzen nauena da batzuetan jabetu gabe egiten ditugula gauzak. Ohituta gaude». Bigarren puntuari lotuta, matxismoaren kontra gizonen aldetik ematen den pauso bakoitzaren balioa azpimarratu zuen: «Horrek asko pozten nau, beste aldekoak ikustea gure alde jartzen».