2017/07/17

EPPKren erabakia balio handikoa dela nabarmendu dute Foro Sozialak eta Sortuk

EPPKren erabakiak aurrerapausotzat jotzen dituzte Foro Sozialak eta Sortuk, eta beste eragile batzuen inplikazioa eskatzen dute, bake iraunkor bat lortzeko bidean «guztion konpromisoa» behar delako.

GARA|DONOSTIA
0717_eh_eppk

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak (EPPK) atzo ezagutarazitako txostenean bake prozesuaren zerbitzura dagoela adierazi duela-eta, Foro Sozial Iraunkorrak zein Sortuk balorazio positiboa egin dute horren inguruan.

«Garrantzitsua iruditzen zaigu presoek bergizarteratzeko bidea egin nahi izatea euskal gizartearekin batera», aipatu zuen Foro Sozialak ohar baten bidez. Txostenaren edukiak «herri honetan elkarbizitza eraiki ahal izateko» ekarpen gisa ere ikusten dituzte. «Adiskidetzean denok eman behar dugu zerbait. Baita presoek ere», argitu zuten.

Foroaren esanetan, alderdi politikoek aho batez onartu dute kolektiboaren erabakia garrantzitsua dela eta bide berriak ireki ditzakeela. «Orain arte ezezaguna zen batasun hori» goraipatu zuen. Hala ere, Espainiako Gobernuaren immobilismoa salatu zuen eta pausoak emateko eskatu zion. «Apirilaren 8aren ondoren, Estatuan eragiteko gaitasuna izan dezaketen sektoreen artean Gobernuak fitxa mugitzeko garaia den iritzia zabaldu da», azpimarratu zuen.

GARAk atzo argitaratu zuen EPPKren agirian hainbat puntu nabarmentzen dira: ezker abertzalearen ildo estrategikoarekin bat egiten dutela; preso bakoitzak erabakiko duela arlo judizialean zein urrats egingo dituen; eta hiru elementu nagusiz osatutako lan ildo berri bati ekingo diotela, non horietako bat gizartearen babesa den.

Iraganeko eskemak

Sortuk presazko prentsaurrekoa eman zuen atzo goizean Euskal presoen Aldeko Batzordeko bozeramaile Oihana Garmendiak eta Antton Lopez Ruizek agiri horren balorazioaren berri eman zezaten. Sorturen iritziz, kolektiboak finkatutako ildoek etorkizunera begiratzen dute. «Euskal eragileen arteko elkarlanerako eta adostasunerako oinarriak finkatzen ditu. Kolektiboak azterketa sakona egin ondoren, ondo ulertu du zein den une honetan bake eta askatasun prozesuari egin behar dion ekarpena», adierazi zuten.

Era berean, azpimarratu zuten EPPK-k «ausardia eta ardura politikoa» erakutsi duela eta aurkeztutako dokumentua dela ardura horren adierazle.

«Gatazka honetan parte hartu duten eragile guztiei dei egiten diegu, Kolektiboak egin duen bezala, horiek ere beren posizioak mugi ditzaten. Izan ere, iraganeko eskemetan endrokaturik ez dago ez bake ez bizikidetzarik, ezin da eraiki bake iraunkor eta justu bat», zioten gizarte osoari baina batez ere eragile politikoei zuzenduz.

Zentzu horretan, azpimarratu zuten «Kolektiboak eta Ezker Abertzaleak bakea eta askatasunaren bidean jarrera eraikitzailea eta arduratsua erakutsiko» dutela. «Guztion konpromisoa inoiz baino beharrezkoagoa» dela esanez amaitu zuten.

PAUSOAK


«Euskal gizarteak, instituzioek, alderdi politikoek eta sindikatuek eskatzen duten elkarbizitzari ekarpena egitea litzateke» Espainiako Gobernuak pausoak ematea, Foro Sozialaren hitzetan.