GARA
donostia

Gizarte Elkarrizketarako Mahaira ez joateko arrazoi ugari dute ELAk eta LABek

Lakuak Gizarte Elkarrizketarako Mahaia deitu du gaurko, baina ELA eta LAB ez dira bertan izango, beren ustez, bertan parte hartzeak ondorio bakarra baitu: jasaten ari diren eskubideen aurkako erasoak babestea.

ELAk eta LABek hartutako konpromisoari eutsiko diote: «Erakundeek aplikatzen dituzten politikak goitik behera aldarazteko lan egingo dugu». Eta bide hori ez dute bateragarri ikusten Lakuak deitutako Gizarte Elkarrizketarako Mahaian parte hartzearekin. Bertan izatea jasaten ari diren lan eta gizarte eskubideen aurkako erasoak babestea litzateke, sindikatuon ustez.

Horren ordez, Lan Harreman eta Gizarte Babeseko Euskal Esparrua finkatzeko estrategiaren alde borrokan jarraitu nahi dute. «Esparru hori blindatuko dugu: ez da prekarizazioa dakarren ezer sartuko, soldaten erosahalmena berreskuratzeko baliagarri izango da eta lan erreformatik babestuko gaitu».

Lakuak deitutako Mahaian zergatik ez duten parte hartuko esplikatu zuten ELAk eta LABek, eta hamaika motibo eman zituzten. Lehena, ez dagoela benetan elkarrizketa sozialik. «Langile-klasearentzat bizi eta lan baldintza duinak ezartzeko lagungarri litzatekeen guztia halako mahaietatik kanpo erabakitzen dute gobernuek, gehienetan patronalarekin: lan eta pentsio erreformak, fiskalitatea, aurrekontuak, gizarte-prestazioak, osasuna, hezkuntza...». Gainera, gaurko Mahaia «gabezia demokratiko larri batekin» sortu zen: «Gutxiengo sindikalak eta patronal guztiz autoritarioak osatzen dute eta azken honek ELA eta LAB lan mundutik kanporatu nahi ditu».

Erantsi zutenez, Mahaia azkenekoz bildu zenean, duela urtebete, akordio bat sinatu zen, «negoziazio kolektiboan gutxiengo sindikalari gehiengoak duen pisua aitortzeko» asmoz. «Eusko Jaurlaritzak jarrera hori babestu, eta beste urrats bat egin zuen gutxiengoan sinatutako hitzarmenak boletin ofizialean argitaratzea erabaki zuenean», gaitzetsi zuten.