GARA
DONOSTIA

Jendearen elkarrekintza izan dute ardatz UEUren Udako Ikastaroek

Amaitu dira UEUren 45. Udako Ikastaroak eta Irati Iciar Madinabeitia arduraduna gustura dago egindako lanarekin. Partaidetza handia izan da eta elkarlanerako bide berriak ireki dira. Parte-hartzearen balorazioa «oso positiboa» da: 600 izen emate inguru jaso dituzte eta 100 bat irakaslek parte hartu dute. Antolaketan bertan islatu nahi izan duten “Elkar Ekin” filosofia ere bete dute. Horixe hartu dute lelotzat, auzolanak garrantzi handia duen seinale. Deialdi orokor bat egiten dute ikastaroen diseinurako, eta aurten 110 proposamen inguru jaso dituzte. Horietatik 35 aukeratu dituzte.

Azpiegiturak lortzeko ere funtsezkoa izan da elkarlana. Horrela izan dute aukera Baionan Iker zentroa, AEKren Ereintza euskaltegia eta EEPren egoitza erabiltzeko; Iruñean, NAPI eta Katakrak; Usurbilen, Udarregi ikastola; Donostian, Hirikilabs… Eibarko Markeskoa ere baliatzen dute, Udalarekin elkarlanean, eta bertako ikastaroen indarra azpimarratu du Iciarrek.

Edizio bakoitza berria da. Horrek eta elkarlanean egiteak laguntzen du urtero ikastaldi berria izaten, egokitua, pil-pilean dauden gaiak lantzeko, elikadura burujabetza eta pornografia, kasu.

«Gero, Udako Ikastaroak oso gureak dira, oso UEUrenak. Malgutasuna daukagu datak, tokiak, iraupenak eta bestelakoak lantzeko. Beste unibertsitate batzuetan lantzen ez diren gaiak lantzen dira».

Profesionalen jardunaldiak

Gero eta toki eta pisu handiagoa daukate profesionalen jardunaldiek. Udako Ikastaroak, uda garaia, gune interesgarriak dira profesional horiek ere biltzeko. Aurten, esaterako, hizkuntzalariak izan dira, komunikazio munduko teknikari, langile eta profesionalak telebista publikoaren inguruan hausnartzen.

Arduradunak dioenez, Udako Ikastaroak etengabeko formakuntzaren barnean ulertu behar dira. Daukaten berezitasuna da ikastaro trinkoak direla, bi egun edo hiru egun jarraian izan daitezke. Alde informala ere oso garrantzitsua da. Klasetik kanpo gertatzen den hori. Horregatik, ikastaro guztiek aldi berean egiten dute atsedena eta elkarrekin bazkaltzeko aukera ematen da. Irati Iciarrek adierazi duenez, pertsonen arteko elkarrekintza hori da ardatza.