Maite UBIRIA

EUSKO DIASPORA, WEBGUNE BERRIAREKIN ETA TERNUARA BEGIRA

Eusko Diaspora elkarteak gaur aurkeztuko du zortzigarren probintziarekin joan-jineko harremanak erraztea xede duen web berritua. Garai batean euskal baleazaleak hartu zituzten lurraldeetara begira da, bestalde, Baionako Jauregiberri kaian aterpe duen elkartea.

Eusko Ikaskuntza babesle nagusitzat duen elkartearen ardura hartu berri du Oihana Zamponik. 2013. urtean abiatu zen Eusko Diasporaren proiektua, alta, izen bereko Maialenek atera zuen egitasmoa portutik diasporaren itsaso zabalera eramanez. Egun, diaspora bezala, trantsizio baten zeharkaldian murgiltzen da elkartea. Aste honetan, azken hiru urteetan bere webgunean eginiko arramoldatze lanaren berri emateko hitzordua eman du.

Gaur 18.00etatik landa iraganen den gaualdi horren bidez, munduan zehar barreiaturik diren euskaldunen arteko sarea sendotzeko tresnak aurkeztuko ditu elkarteak. «Garaian hiru atal nagusi lantzen genituen: lehena, enpresen arteko harremana; bigarrena, kultur trukea; eta hirugarrenez, aterpetze sarea». Diasporako kideak gure artean hartzeko xede zuen sistemak huts egin ondoren, bestelako bidea hartzeko deliberoa hartu zuen elkarteak. «Gure ustez, turismo alorrean badago zer egin, betiere partekatze filosofia batetik abiatuta, truke berriak lantzeko, eta eremu horretan bisita zein aterpetze eredu berritzaileak xerkatuz», azaldu du Eusko Diasporako kideak.

Gaurko ekimenean erakutsiko duten webguneak kultura ekimenak jasotzen ditu, bistan da, enpresa arteko harreman sarea ere atxikiko duelarik, baina berrikuntza nagusia «gure lurraldearen erakargarritasunean sakontzeko apustutik dator, hain zuzen ere, ikasleen mundurat ate bat zabalduko dugulako», aurreratu dio GARAri Zamponik.

Ipar Euskal Herriko ikastetxeen zerrenda eskura jarriko dute Internet bidez formazioa «diasporako gazteak gureganatzeko gako inportantea izan daitekeela uste dugulako». Hezkuntza alorreko eskaintza azaleratzeko irakasle eta ikasleen elkarrizketak osagarri izanen direla gaineratu du gazte baionarrak.

Izan ere, formazioaren eremua «itsasoa bezain zabala izanik», txikitatik handirat jauzi egitea erabaki zuten duela jada zenbait hilabete elkarteko lagunek.

Angeluko Ibaialde elkartearekin izandako harremanak zabaldu zuen leihoa. Itsasoz gaindiko lurraldeetan bere hirugarren arraun espedizioa abiatuko du ondoko egunotan besteak beste Kostalde Baleada kirol ekimenaren sustatzaile den arraun talde lapurtarrak. Lehenengo bi espedizioetan –2003an eta 2013an– Quebeceko San Laurendin jardun zuten arraunlariek. Aurten, Ternua eta Saint-Pierre eta Mikelun uhartedia lotuko dituen zeharkaldiari ekinen diote. Ternua 2017 egitasmoaren bidez «ur hotz horietan lehenik balea eta ondotik bakailaoa arrantzatu zuten euskal arrantzaleak» gogoan izanen dituztela azaldu dute espediziokideek webean, eta bidaiaren xehetasunak Eusko Diasporak gaurko antolatu duen aurkezpen ekitaldian emango dituzte.

Indianoak-ibaialde

Indianoak-Ibaialdek antolatu bidaiak historia eta kirola uztartuko dituen bezala, euskal baleazaleek utzitako arrastoak gogoan «arrantza tresna berriak», alegia sareen sarea, hobetsiko ditu Eusko Diasporak Ternuako lurraldeetan «euskaltasunaren grina duten herritarrekin» harremanak harilkatzeko.

«Ibaialdekoekin beraien egitasmoaz ari ginela, bertako ikasleak Euskal Herrira erakartzeko aukera agertu zen, batxilergoa egin eta gero hango gazteek Normandia aldera jotzen dutelako, hango akademiaren menpe baitira, baina kontuan izanik Ternuan euskaltzaletasuna berpizten ari dela, berehala konturatu ginen han ate bat zabaldu genezakeela», azaldu du Zamponik.

Ikasturte berriarekin landuko duten egitasmoan «ikastetxeetako jendeaz gain, nahi genituzke beste eragile batzuk ere inplikatu –zehaztu du Zamponik– hala nola gaztetxeak, honat ekarri nahi genituzkeen gazte horiei kultur egitasmoak ezagutarazteko, eta hizkuntzaren hurbilpena izateko AEKrekin lotura egitea nahi genuke era berean».

Saint-Pierreko Ostalaritza lizeoan jarduten duten gazteek, ondotik hexagonoko hainbat eskualdetara jotzen dute, ikasketen osagarriz praktikak egiteko. Hala nola Dordoina aldera. «Guregana erakartzeko xedez Biarritzeko Ostalaritza Lizeoaren eta Saint-Pierreko eskolaren artean elkarlana sustatzea ondo legoke, gure artean berebiziko garrantzia duen jarduerari begira joan-jinak antolatzeak bidea markatu dezakedalako».

Euskal diasporak aldaketa handiak bizi dituen garaian, Baionan bere kaia duen Eusko Diaspora elkarteak Ternuarantz norabideratu du iparrorratza, euskal arbasoen erroetatik, hango eta hemengo belaunaldi berrien artean lotura berriak sorrarazteko xedez.

 

Primera piedra en la Euskal Etxea de St Pierre y savia nueva en la de Bristol

Oihana Zamponi Gale hace una lectura «agridulce» sobre la actualidad de las Euskal Etxea. Reconoce, de una parte, que «hay síntomas de anquilosamiento» en algunos proyectos, «en gran medida, porque los más jóvenes no encuentran en la Euskal Etxea referentes útiles o atractivos, y prefieren, puestos a elegir, destinos más exóticos». Sin embargo, como contrapunto, destaca que hay otros proyectos que afloran con fuerza.

«Este verano pondrán la primera piedra en la Euskal Etxea de St-Pierre-et-Miquelon, que abrirá sus puertas en otoño de 2018, y en Bristol (Inglaterra) ha sido la generación joven la que ha impulsado la nueva Euskal Etxea», explica.

En Ipar Euskal Herria, con programas de radio como “Zortzi probintziak”, ligado a Benoît Etxeberri, o de la mano de Euskal Herriko Artzaiak Ameriketan «se sigue trabajando, de una parte, el legado histórico y la transmisión de la memoria, pero también se toma el pulso a las inquietudes más actuales de nuestra diáspora». La remodelada web de Eusko Diaspora quiere ser un escaparate de esa comunidad vasca que es y hace historia.M.U.