GARA
BARAKALDO

Emakume baten kontrako eraso sexista salatu dute Barakaldon

Barakaldoko Udalak elkarretaratzea deitu zuen atzo arratsaldean, emakume batek aurreko gauean herriko jaietan jasan zuen eraso sexista salatzeko. Protestak iraun bitartean, 19.00etatik 19.30era, festetako ekitaldiak bertan behera uzteko eskatu zuten. Era berean, txosnetan gauerdian musika itzali zuten, 00.00etatik 00.15era.

Udalak azaldutakoaren arabera, emakumeak ez du salaketarik jarri, baina goizaldeko lauretan txosnagunean gertatutakoa ezagutzera ematea nahi izan du. Gizon batek atzetik eraso egin zion eta emakumeak ihes egitea lortu zuen.

400 emakume

Argitan Emakumeentzako Aholku Etxeak herrian gertatu diren erasoen inguruko datuak zabaldu zituen. 2016an 400 emakumek eskatu zuten laguntza, eta %10ek euren bikote edo bikote ohien tratu txarrak edo eraso sexualak salatu zituzten. «Erasota izateko beldurragatik emakumeok gure askatasuna murritzen dugu. Autodefentsak gure autoestimua lantzen du», adierazi zuten.