Estibalitz EZKERRA
Literatur kritikaria

Espazioa

Udako egun beroenetako bat da. Ohi dena baino jende gehiago bildu da kafetegira. Tokikoen txistea da: dohaineko aire egokitua non, denok hara. Kafea, baina, ez da dohainekoa. Garestitxo samarra bai, ordea, beste toki batzuekin konparatuta. Europarren antzera prestatzen dutelako da, horixe dio jabeak, hiriko estresetik ihesi arto zelai artera etorritako gazteak. Ezin esan estresik gabeko gunea sortzen erabat arrakastatsua izan denik. Unibertsitateko ikasle-irakasleak dira bere bezerorik leialenak. Udan, kafetegira etorrita tesiaren idazketan emankorragoak izango direla uste duten horiek dira nagusi. Eta aire egokituan aurreztu egingo dutela, hori ere esaten diete beren buruei. Azken horrek egiatik gehiago du lehenengoak baino. Egoera berean egon arren, hitz trukaketa gutxi gertatzen da tesilarien artean. Hemengo kulturara ohituta ez dagoen batek hoztasun seinaletzat hartuko luke. Hemengoek, ordea, bakoitzaren espazioa errespetatzea deritzote. Ondoan duzun entxufea erabili behar dutenean barkamena eskatzen dizute zure espazioa “inbaditu” izanagatik. Tokikoak ez garenok ere geure egin dugu ohitura hori, nahiz eta gorpuen arteko gertutasuna inoiz ez dugun “inbasiotzat” jo.

Egoera absurdoak sortzen ditu horrek. Egiptoko mutilak auskalo zenbat denbora eman duen zure ondoan zutik, zu haren presentziaz ohartzeko zain. Azkenean sorbaldan leunki ukitu eta berehala mila barkamen eskatu dizkizu. Ez du zure espazioa inbaditu nahi, baina entxufera ezin da ailegatu. Espazioa izan ez da, egin egiten da.