GARA
GASTEIZ

Garbialdi enpresaren aldi baterako kaleratzeen aurka agertu dira sindikatuak

Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasun departamentuan ari diren hamabost laguni eragingo die Garbialdi azpikontratak iragarritako aldi baterako erregulazio espedienteak. Txagorritxu Ospitaleko ESK enpresa batzordeko delegatuaren kaleratzea ere salatu dute.

Garbialdi azpikontratak aldi baterako enplegua erregulatzeko espedientea iragarri duela salatu zuten sindikatuek (ELA, LAB, UGT eta CCOO, ESKrekin elkartasunez) Bilbon eta Gasteizen. Izan ere, Bizkaiko Foru Aldundiko Ogasunaren departamentuan ari diren hamabost langileri eta Deustuko Madariaga Etorbideko Aldundiaren egoitzako langile bati eragingo die lanorduen murrizketak. Gainera, Txagorritxu Ospitaleko ESK enpresa batzordeko delegatua kaleratu dutela ere jakinarazi dute. Lan jardunaldia %21,73 murriztuko dutela azaldu du azpikontratak, abuztuaren 1etik abenduaren 31 bitartean, eta ESK-ko zuzendari Conchi Apariciok adierazi du uztailaren 11n izan zutela horren berri.

Klimatizazio sistemako berregokitzapen lanengatik kontratatuko zerbitzuak aldatu egin direla argudiatu dute Garbialditik, sindikatuak adierazi duenez. Hala ere, garbiketan aritzen diren pertsonen lan karga ez dela gutxitu azaldu du ESK-k, «areagotu egin da, obrek eragiten duten hautsarengatik, eta horrek zainketa berezi bat merezi du». «Gainera, erretiroa hartu duten hiru pertsonak ez dira ordezkatu eta beste hiru langile Aldundiko beste egoitza batera joan dira». Horregatik, Garbialdiko enpresa batzordeak aldi baterako erregulazio espedientea baztertzea eskatzen du, izan ere, departamenduko langileek eraikinean bertan lanean jarraitzen dute nahiz eta egoitzan obrak izan: «Batzuk laugarren solairuan birkokatu dira, beste batzuk liburutegian eta laster bosgarren solairuko ekintza aretoan kokatuko dira».

Erregulazio espediente hori salatzeaz gain, Txagorritxu Ospitalean lan egiten zuen ESK batzordeko «delegatu historikoaren» kaleratzearen aurka agertu ziren atzo eginiko elkarretaratzean. «Gure ordezkariari pertsonalki eta sindikalki eraso eginez erantzun du [enpresak]», nabarmendu zuten sindikatutik, eta kaleratze hori ospitaleko zuzendaritzaren isiltasun eta arduragabekeriari esker egin ahal izan dela gaineratu zuten, «egite mafiosoak babestea» leporatuta. Gauzak horrela, lankidea berriz itzultzeko eta horrelakorik ez errepikatzeko behar diren neurriak hartzeko eskatzen diote zuzendaritzari.

Kaleratzeak IGONen

Bilboko IGON Telemarketin enpresan bost langileren kaleratzeak arbuiatu zituen ELAk atzo enpresaren egoitza aurrean eginiko elkarretaratzean. «Ezarritako kaleratze hauek arrazoirik gabekoak dira, eta era arbitrarioan eginak», kexatu zen sindikatua.

«Nahiz eta neurri traumatikoak ekiditeko ELAk proposamen desberdinak eskaini, zuzendaritzak muzin egin die sindikatuak eta delegatuek eskainitako proposamenei», ohartarazi zuten, eta, behin baino gehiagotan, zuzendaritza batzordeak uko egin diela elkartzeko eskaerei. Erabaki hauek salatzeko etorkizunean ekintza gehiago egingo dituztela iragarri dute.