J.L.
INGUDE-ALTXATZEA

Lau harri-jasotzaile lehiatuko dira ingudearekin Otxandioko Torneoan

Ingude-altxatzeko Torneoa jokatuko da bihar, 18.00etan, Otxandioko plazan, baina harri-jasotzaileak izango dira lanean. Lehiaketa honek ez du zerikusi handirik izango gaur egun ikusten dugun ingude-altxatzearekin, ez jasotzeko eran eta ez pisu kontuetan.

Bi ingude ezberdin erabili beharko ditu kirolari bakoitzak, eta bata 90 kilokoa izango da, eta bestea, berriz, 140koa. Bakoitzarekin lanean aritzeko, berriz, hiruna minutuko txandak izango dituzte. Aurrenik, bakoitzak bat jasoko du, eta ondoren atseden bat izango da. Tarte horretan Larrea I.a arituko da. 88 urterekin oinbiko enborra moztuko du. Jarraian, bigarren ingudearekin arituko dira.

Lanean jardungo diren harri-jasotzaileak, kasu honetan ingude-altxatzaileak, honako hauek izango dira: Urrutia, Galarraga, Eizmendi eta Izeta III.a. Gutxitan ikusten da plazetan halako ekitaldirik. Urrutiak eramaten du normalean ingude bat bere erakustaldietarako, eta agian horregatik bera izan daiteke faborito. Honen ostean izango da Velascoren eta Polankoren arteko aizkora apustua. Bosna kana-erdiko moztuko dituzte.

Bestalde, Aiako pilotalekuan, ordu berean, 18.00etan, alegia, bi marka saiakera izango dira, eta bertan bi gazte neurtuko dira euren marka pertsonalak egiteko asmoarekin. Alde batetik, Imanol Illarramendi arituko da, eta honek bi asmo eramango ditu: batetik, 216 kiloko harria jaso nahi du bi eskurekin, eta bestetik, berriz, 170 kilokoa esku batekin berdindu nahi du bizkarrean. Horretarako, hiru minutuko txandak izango ditu.

Marka egiten ahaleginduko den bestea Gorka Etxeberria izango da. Idoia Etxeberriaren neba 170-175 kiloko harria jasotzen saiatuko da, eta hiru minutuko txanda bat izango du oriotarrak ere. Jaialdia osatzeko, bertan arituko dira Udane Ostolatza, Idoia Etxeberria, Izeta II.a, Izeta IV.a eta Mikel Lopetegi.