Maider IANTZI
AEK-REN FORUKO BARNETEGIRA BISITA

GAZTELANIATIK 24 ORDUZ EUSKARAZ BIZITZERA, AHALEGIN ETA UMORE HANDIZ

TOK-TOK! KLASEAN TXINTXO HARRAPATU DITUGU AEKREN FORUKO BARNETEGIKO IKASLEAK. ANA, IRUINDARRA, EUSKARAZ BIZITZEKO NAHIAK EKARRIA. ARITZUKO ANJEL, IKASITAKOA HOBETZEKO ILUSIOZ BETEA, BEREZIKI 3 URTEKO EKAIN BILOBAREKIN SOLASTATZEKO. PORTUGALETEKO IDURRE ETA LEZOKO TALA, GURE HIZKUNTZAZ GUZTIZ MAITEMINDUAK.

Idoia santurtziarrari mintzatzea kostatzen zaio, eta Irunberriko Mentxuk askeago du mihia, iaz Arantzan barnetegia egin zuen seinale. Errepikatzea erabaki du, «akatsak zuzendu eta batez ere mintzatzeko animoa hartzeko, gero kalean erabiltzeko».

Oihana Mendigorriakoa da. Lucia, aldiz, Palentziakoa. Donostian bizi da duela 14 urte eta lagunak euskaldunak ditu. Rakel galdakoztarra da eta Omar Mexiko Hirikoa. Euskal Herrian lehen aldiz lurreratu eta zuzenean Forura ekarri zuten orain astebete, 24 urte bete zituen egunean. Ongietorri gisa potea pasa zioten, matematikaria dela kontuan hartuta baina euroen ordez pesoak erabiltzen dituela ohartu gabe...

Mahaiz osatutako borobilaren izkinan dauden bi kideak, azkenik, irakasleak dira: Klara arratiarra eta Aitor santurtziarra, lanagatik eta euskara maite dutelako etorriak.

Esperientziak hamabostaldi bat irauten du eta bigarren astean sartu berri dira. Ez zuten elkar ezagutzen, eta konplizitatea eraiki dute jada. Elkar zuzentzen dute eta, batez ere, elkar laguntzen. Lehenbiziko astearen balorazioan pozez negarrez hasi zen bat baino gehiago. Irriz eta malkoz ongi hornitua dute etxea, eta seguru begiak beteta utziko dutela.

Nekea ere sumatzen zaie. Ahalegin itzela egiten dute. Aldaketa erabatekoa da; gaztelaniaz bizitzetik 24 orduz euskaraz aritzera, pentsatzera, amestera pasatu dira, eta hori ez da erraza. Maila paretsua dute guztiek (B1), nahiz eta baden aldea batetik bertzera.

«Oso goiz esnatzen gara. Taldetan banatu eta txandak osatu ditugu etxeko lanak egiteko», hasi zaizkigu kontatzen. Gosaldu eta gero klasera joaten dira, eta ondotik bazkaltzera. Laurak arte libre eta berriro eskolara. Gero tailerrak egiten dituzte: herri kirolak, eskulanak, bertsoak, lexiko tailerra ere bai… Eta, azkenik, afaldu. Txangoak ere izaten dituzte. Egun batean ondo-ondoan duten Gernika-Lumon bisita gidatua egin zuten eta arbola ere ikusi zuten. «Oso interesgarria izan zen». Arratsaldez hondartzaz gozatu zuten Laidan eta kanoan ibili ziren gehienak.

«K» kamisetaren istorioa

Eskaileretan goiti abiatu gara, logeletara. Hiru gelatan banatuta daude. «Zurrunga egiten dutenak hor», aitortu dute (izenak isilean gordeko ditugu). “Zeu zara gure Special K” lelodun kamisetaren istorioa ere kontatu digute. Ergatiboa ongi erabiltzen ez duenak janzten du eta kide bati pasatu ahal izateko “k” gaizki erabiltzen aditu behar du. «Uneotan nik daukat –onartu du Rakelek irribarrez–. Bi egun daramatzat kamisetarekin».

Behean, sofa estreinatu berriak dituen salaren ondoko sukaldean jo eta su ari da Arantxa. Hagitz sukaldari ona da, eta nortasun handikoa emakumea. Gu ere gonbidatu gaitu eta txistorra pintxoak atera dizkigu aurretik. Forutik hurbil dagoen Arratzukoa da eta hagitz gustuko dute bere euskalkia ikasleek.

Sofan ardotxo batekin, egunero ez direla hain ongi bizi diote. “-lako” atzizkia, “ere”, baldintzak… dituzte buruhauste, baina umorez egiten diete aurre, jokoak baliatuz eta gehienbat elkarbizitzan ikasiz. «‘Gran Hermano’ bat da hau», deskribatu du Klara irakasleak. Taldearen giroa hagitz garrantzitsua da, batzuetan magia sortzen da, bertzetan ez, eta talde honetan nabaritzen da magia hori. Irakasleak ere horren parte dira.

Familia euskaldunaren bila

Begiak zabal-zabalik dabil Omar Patricio Juarez Alvarez mexikarra, dena irensten, denarekin harritzen. Lotsatia da eta batzuetan ez du galdetzen, baina herri kirolak egin behar zituztela erran zutenean, adibidez, ez zuen tutik ere ulertu. Dena da berria berarentzat.

Korrikaren harira Etxepare Institutuak eta AEK-k lehiaketa bat jarri zuten abian, mundu osoko euskara ikasleek euskararen aldeko aldarriak bidal zitzaten bideoz. Irabazleak barnetegi batean egonaldia egiteko aukera izanen zuen. Mexikoko UNAM unibertsitateko ikasleak izan ziren garaile. Euren artean zozketa egin eta, bistan denez, Omarrek irabazi zuen.

Barnetegia bukatzean Luciarekin Donostiara joatekoa da. «Gure familia euskalduna bilatu nahi dut», aitortu du. Araban, Kuartangon bizi direla uste dute. Inurreta da beren abizena Mexikon, Inurrieta hemen. Segidan topatu du Mentxuk lehenengo pista: «Bada Nafarroan, Faltzesen, Inurrieta izeneko bodega bat». Ez da leku txarra ikerketari ekiteko!

Omarrek errusiera ere badaki. «Matematikari buruzko liburu garrantzitsuenak errusieraz daude», agertu du lagunei hitz batzuk irakatsi aitzinetik. Animatuta, barnetegi bat Errusian egitea proposatu du norbaitek.

Bitxikeria pila dute kontatzeko. «Batzuk Busturiko festetara joan ziren eta bueltan zarata pixka bat atera zuten. Ordainetan, biharamunean mañanitak jo nizkien akordeoiarekin», agertu du Anjelek. Zirikatzen jarraitu du 40 biztanle baino ez dituen Aritzu herrikoak: «Talari Talo deitzen diot. Badut txakur bat asko maite dudana izen horrekin. Eta taldean Talo oso inportantea da». Baina lagunak ez dio entzun lorea. «Talde bat daukagu hirurok: Talo, Txistorra eta Los Mariachis!», bota du gero mexikarra ere sartuz.

Esperientzia gozatzea

Berriketan ari garela Arrate azaldu da salan. Bera ere AEK-ko irakaslea da, baina orain sukaldari laguntzaile dabil. Aitor eta biokin joan gara Foruko txoko polit batera zerbait hartzera, ikasleak klasean utzita. Bazkaritan elkartuko gara berriro. Barnetegiak bi helburu ditu Aitorren iritziz: ikasitakoa findu, finkatu eta praktikatzea alde batetik, eta mingaina askatzea bertzetik. «Bizi eta gozatzeko esperientzia da».

Hizkuntza bizitzen da barnetegian. Eskolan bakarrik ez, denean, eta hor bat-batekotasuna hagitz garrantzitsua da. «Gaur egun gero eta bideratuago dago dena azterketetara, eta naturaltasuna galtzen da. Guk hori eskaintzen dugu, komunikazioa. Barnetegia zer den? Niretzat errusiar mendia da. Oso gogorra ere bada. Irakasleok ere ahalegin handia egiten dugu; haiekin bizi gara».

Bi aldiz ibili da irakasle Arantzan, baina lehenbiziko aldia du Urdaibaiko paraje eder honetan. Ikasleak miresten ditu Aitorrek: «Askok oporrak baliatzen dituzte euskara ikasteko; hauxe da euren oporraldia. Sekulako ohorea da halako jendea topatzea. Atseginez eta irribarrez ikasteko prest dagoena».

Palentziako Luciak Donostiako mutil-laguna du eta euskaraz bizi nahi du. Rakeli antzeko zerbait gertatzen zaio: bikotekidea eta bere familia euskaldunak izanik, euskarara hurbildu nahi du berak ere. «Enpatia linguistikoa» deitu dio irakasleak horri. Tala herri euskaldun batekoa da eta euskaraz bizi nahi du. Hori bezain sinplea.

Brokolia, arkume saiheskiak eta jogurta bazkaldu ditugu berriketa alaian, etxean bezala, platerak zuri-zuri utzita, Arantxak agindu bezala. Dena hagitz goxoa zegoen eta sobremesa pixka bat eta lo kuluxka egitera igo dira ikasle batzuk. Bertzeak terrazan gelditu dira lasai. Gu bagoaz, aho zapore on-onarekin.

 

Maila apalarekin proba egin eta emaitza bikaina izan zen: «Animzte»

M. I. |

Joan den urtean aurrenekoz egin zuten barnetegia maila apaleko ikasleekin (A2). Ordura arte ez ziren ausartuak, baina iazko balorazioa primerakoa izan zen eta horrek animatuta eskaintza zabaldu dute berriro. Erronka ederra da ikasle eta irakasleentzat.

Amagoia Gordobilek hamar barnetegitik goiti egin ditu irakasle, eta iaz lehenbizikoz aritu zen A2 mailakoekin, Arantzan. «Hiru talde izan genituen: A2, B1 eta hirugarrenean B2 eta C1ekoak nahasita. 40 pertsonatik gora». Klasetik at maila guztietakoak batera ibiltzen ziren eta magia sortu zen. Euskaraz bizitzen ahal dela egiaztatzen da barnetegian. «Jolastea eta elkarrekin egotea ahantzi zaigu eta hori ere ematen du, bizipoza».

Elena Castroviejo kataluniarra Bilbon bizi da. Ikerbasquen egiten du lan. Duela bi urte etorri zen Euskal Herrira eta iaz Arantzako barnetegian izan zen. Azkar eta alai solastatzen da. Zazpiki hutsa eta gainera hizkuntzalaria denez, agudo ikasi nahi zuen euskara eta segituan animatu zen barnetegira. «Iritsi eta hantxe geunden, borobilean, elkarri begira. Irakasleak superjatorrak dira, dinamizatzaile onak, eta jokoen bidez berehala hasi ginen elkar ezagutzen».

Lehen astean buruak eztanda eginen ziola iruditzen zitzaion Elenari: nola egon gauza konplexuak adierazi ezinik? Gero, ikasten ari zela konturatzeak poz handia eman zion. Orain AEKn segitzen du, Indautxun. Barnetegiko oroitzapen oso ederrak ditu: konpromisoa, gogoa, ahalegina, elkar laguntzea... «Animzte» (Arantzan «anima zaitezte») leloak laburbiltzen du dena.