Maite UBIRIA BEAUMONT
HIRIBURU

Konponbidearen aldeko gazte sarea sortzeko urratsa egin dute Hiriburun

Azken bi asteotan lau gaztek Hiriburun presoen eta konponbidearen alde egindako baraualdia agerraldi jendetsu batekin amaitu zen atzokoan, baraualdia egiteko gazteok aterpe izan duten karpapean bertan. Presoen egoera aldatzeko, eta, hortik harago, «konponbideari bereko ekarpen egiteko» burututako protestaldiaren azken agerraldi horretan ez ziren ez bakarrik izan lau gazteak. Euskal Herriko txoko ezberdinetatik heldutako ehun bat gazte izan zituzten gibelean, baraua egin bitartean «izandako etengabeko sostenguaren adierazle». Ekimenaren «bilan zinez baikorra» egin dute lau gazteek, bi asteotan, karpapean baina baita karriketan ere, «presoen aldeko sozializazio lan handia egin delako».

Euskal Preso Politikoen Kolektiboak egindako eztabaidaren emaitza izan dute aipagai asteotan. Bi estatuek urruneko espetxeetan dituzten euskal presoek beraiek ETAren desarmatzea gauzatzeko bakegileek asmatutako bideari emandako onespena ere aztertu dute. Hori izan baitzen, lau gazteek azaldu zutenez, bi asteotan Hiriburun gauzatu duten ekimenaren abiapuntua.

Aniztasunean lan egin

Barau egin duten bitartean jasotako sostengu «zabal eta anitzaren» aurrean esker oneko hitzak izan zituzten gazteek. Egunero eragile eta delegazioen bisitak izan dituzte, tartean hamasei hautetsi. Euskal Elkargoko lehendakari Jean-Rene Etchegaray beraren bisita ere jaso zuten. Hain zuzen ere, euskal delegazio batek Parisera eginiko bidaiaren bueltan bertan izandako harremanen berri eman zien. Delegazioak «presoen egoera Parisko agendaren erdigunean ezartzeko» egindako lana txalotu zuten gazteek.

Horrez gain, alderdi ezberdinetako hainbat auzapez hurbildu dira karpara, tartean Kotte Ezenarro (Hendaia), Daniel Olzomendi (Izura), Robert Dufour (Milafranga), Pierre Guillomotonia (Lehuntze) eta Alain Iriart (Hiriburu). Eskualde kontseilari, senatari eta diputatuak ere hurbildu dira.

Bost alderdi eta bertze hainbeste sindikaturen konpromisoa ere bildu dute, baita 25tik gora eragileren laguntza ere. Baraualdian zehar karpa bisitatu duten zazpi bakegileak ahantzi gabe.

Hain zuzen ere, bakegileek garaturiko «lan filosofiarekin» bat egiten duten gazteek deialdi bat egin dute «ondoko hilabeteotan forma zehatza hartuko duen gazte sarea» antolatzeko presoen egoera ardatz harturik, Parisen abenduan 9an ezarria den hitzordua indartzeko xede. Egitasmo horretan lehen urratsa atzo bertan eman zuten Hiriburun, jada berrogei bat eragilek izenpetu duten adierazpena aurkeztuz. Hiriburuko Adierazpenean «konponbide prozesua bururaino eramateko konpromisoa» hartu du euskal gazteriak, bide horretan euskal preso politikoei ezartzen zaien salbuespeneko legeria behin betiko deuseztatzea eskatuz.

Zehazki eskaera hauek jasotzen ditu Hiriburun plazaratu duten agiriak: dispertsio politika amaitzea, larriki eri diren presoak berehala askatzea eta baldintzapeko askatasunaren aplikazioa zabaltzea.