Nagore BELASTEGI
KIROLA ETA EMAKUMEAK

EMAKUME KIROLARIEN INDARRA ETA ENERGIA, HONDARTZAN ERE

FITNESSAK EZ DAUKA GENERORIK. ASPALDI GALDU ZIREN KIROLA GIZONEZKOEN KONTUA DELA ZIOTEN HOTSAK. HALA, «NESKAK BEZALA KORRI EGITEAREN» HARROTASUNA ALDARRIKATZEKO, ROXYK FESTA ANTOLATU ZUEN ATZO DONOSTIAN.

Hondartzara joateko egun aparta izan zen atzokoa, baina atzo Donostiako Ondarretara gerturatu ziren ehunka emakumeak ez ziren eguzkia hartzera joan, kirola emakumeen gauza ere badela aldarrikatzera baizik. Garai batean, «neska bat bezala egiten duzu korrika» esan eta irain moduan hartzen zuten askok. Noski egiten dutela korrika neskek bezala, neskak dira-eta! Neska kirolariak, indartsuak, energiaz beteak, primerakoak.

Korrika hasi zen atzoko Roxy Fitness festa, emakumeen kirola sustatzera bideratutako ekitaldia. Jakina da egun nahi duenak egin dezakeela kirola, baina emakumeak oraindik pauso bat atzerago daude; goi mailako kirolariei begiratzea nahikoa da konturatzeko batzuei eta besteei egiten zaien harrera oso desberdina dela.

Kirol goiz bete-betea

Hondartzan 6 kilometro korrika egin ostean, giharrak bero-bero, 800 estera inguru prestatu zituzten eta yoga eskola hasi zen. Irakaslea Veronica Blume 90eko hamarkadako modelo ospetsua izan zen. Haurdun gelditu ostean yoga ezagutu zuen eta gaur egun modelo lanak yoga eskolekin tartekatzen ditu. Kontatzen duenez, yogak asko lagundu zion berari eta orain beste emakumeekin partekatu nahi du ikasitakoa.

Kirol goizarekin amaitzeko, arraun surf edo stand up paddle lehiaketa egin zuten itsasoan, Lehiaketa izan arren, helburua ez zen 2 kilometroak lehen postuan amaitzea, beste emakumeekin ondo pasatzea eta kirola emakumeena ere badela aldarrikatzea baizik. Batzuk, trebeenek, hiru kirol saioak egin zituzten 09.00etatik 11.30era bitartean, baina nahi zuenak bakarra hautatu eta horretan soilik aritzeko aukera ere izan zuen.

Roxy Fitness ekimena bira bat egiten ari da munduan barna Roxy emakumeentzako kirol arropa markaren eskutik. Biarritzen hasi zen uztailaren 2an eta atzo Donostian izan zen. «Ezin gara eserita egon, mugitu egin behar dugu, egiten duguna gara. Korrika egiten dugu, arraun egiten dugu, izerditu egiten dugu, gure mugak bultzatzen ditugu. Geure erara egiten dugu, beraz, goazen, gure mugimenduarekin bat egin ezazu!», dio kanpainaren lema inspiratzaileak.