Maitane ALDANONDO
Donostia

GENEEN INFORMAZIOA KIROLARIEN ESKURA JARTZEN DUEN TRESNA

Kirolarientzako irtenbide bioteknologikoak garatzen ditu KirolDNA enpresak. Analisi genetikoetan oinarrituta, lesioetarako joera atzeman eta jarraibideak ematen ditu kirol jarduera pertsonalizatzeko. Negozio ideia honi esker, Toribio Echevarria saria jaso du.

Listu lagin batetik lortutako informazio genetikoaren bidez, entrenamendua nahiz elikadura euren neurrira egiteko aukera ematen die kirolariei KirolDNA enpresak. 2016ko otsailean abiarazitako elkarte mugatua EHUko spin off bat da –unibertsitate komunitateko kideek bertan garatutako ezagutzan oinarrituta sustatutako enpresa ekimena–, Miramongo Parke Teknologikoan egoitza duena, Donostian. Genetikan doktore eta irakasle Adrian Odriozolak sustatutako proiektuak Toribio Echevarria saria jaso berri du Ideia eta Enpresa Asmoak atalean.

Pozez gainezka, saria mailaz aldatzeko pausoa izatea espero dute. «Sekulako poza da, ez genuen espero. Beste proiektuak ezagutzen ditugu eta oso onak dira», aitortu du Odriozolak. Lagungarri izango zaien 10.500 euroko sariari baino, inbertsore zein erakundeen artean izandako oihartzunari ematen diote garrantzia. Izan ere, dei ugari jaso dituzte, hainbat deialditara aurkezteko gonbidapenez gain. Halaber, gauzak ondo egiten ari diren segurtasuna ere ekarri die aintzatespenak. «Deialdi handiago batzuetan parte hartzeko sekulako bermea da, kalitatezko zigilu batekin goaz. Toribio Echevarria Euskadiko lehiaketa garrantzitsuena da».

Elkarte mugatua iaz martxan jarri bazuten ere, 2012an bururatu zitzaion ideia ikertzaileari. Kantabriako Medikuntza fakultatean Genetika irakaslea zen, baina plaza uztea erabaki zuen aldaketa beharra zuelako. Kirol munduari oso lotuta egon da beti eta bi alorrak batzen zituen zerbait egin nahi zuen. Ikasten eta hitzaldiak ematen hasi zen, urtebetera EHUn irakasle eta kirol genetika ikertzaile lanetan hasi zen arte. Garai horretan enpresa bat osatzeko muina eratu bazuten ere, hainbat saiakera, kolpe eta porrot jasan zituzten KirolDNA sortu aurretik.

Enpresaren jardunaz galdetuta, Odriozolak nabarmendu du «zientzia osasunera eta kirol errendimendura hurbiltzea» helburu duela, eta, bereziki, elikadura edo entrenamendua «pertsonalizatzeko aukera ematea». Sustatzaile izateaz gain, zuzendari zientifikoa ere bada. Unibertsitateko Sport Genomic kirol genetika ikerketa taldearen burua da Odriozola eta horrekin elkarlanean dihardu enpresak hainbat azterketetan. Zuzenean kontratatutako lau langileekin batera, kolaboratzaileak batuta, 75 bat laguneko lantaldea dute, boluntarioki ari diren ikertzaileak kontuan hartu gabe.

Kirolaren eta helburuen arabera

Aipatu helburuak aintzat hartuta, kit genetiko batzuk garatzen dituzte kirol zehatzei lotuta. Oraingoz lasterketa, txirrindularitza, duatloia eta cross fit-a; baina gehiago etorriko dira. Halaber, helburuen arabera ere bereizi dituzte: Pro, amateurrentzat, Pro+ profesionalentzat edo analisi sakonagoa nahi dutenentzat. Lehenengoan 50 ezaugarri genetiko baino gehiago aztertzen dituzte; bigarrenean, berriz, 80tik gora. Oinarrizkotik aurreratura pasatzea erabakitzen duenak, aldea besterik ez du ordaindu beharko. Salneurriari dagokionez, 235 euro eta 345 eurokoa da hurrenez hurren.

Erosleak kaxa bat jasoko du, barruan listu lagina hartzeko hisopoa eta onespen informatua dituena. Horiek beteta, mezulari batek hartu eta laborategira eramango du. Lagina aztertu eta hilabete inguruko epean emaitzak prest dituzte on line aplikazio batean, sakelakoan, tabletan edo ordenagailuan erabilgarri dena. Bertan, zazpi alorri lotutako informazioa dago, besteak beste, lesio mota bakoitzarekiko joeraren berri ematen dute edota elikadura nahiz entrenamendua norberari egokituta eraginkorrago egiteko datuak daude.

Produktuez gain, genetika ikerketa eta formakuntza ere badituzte ildo bezala. Azken horri dagokionez, elkarlanean dihardute Kimika eta Genetika Nutrizioan eta Kirolean graduondokoarekin, Odriozolak berak eta Rosa Alonso katedradunak zuzendutakoa. Ildo horiei lotuta, KirolDNAk bi berezitasun dituela dio Odriozolak. Batetik, atzean ikerketa talde bat izatea; eta bestetik, “I+D interaktiboa” izendatu dutena. Hau da, «ikerketan parte hartzen dute kirolariei proba batzuk egiten dizkiegu doan eta lortutako emaitzei esker berritu egiten zaizkie automatikoki beraien analisi genetikoetan. Horiei esker guk eman diezaiekegun informazioa gero eta hobea da».

Oso pozik daude jendearen erantzunarekin eta enpresaren ibilbidearekin. Arduradunaren esanetan, «ez genuen espero horrelako arrakasta, horrenbeste jende apuntatzea ikerketetara, erakundeek eman diguten diru eta laguntza, enpresen eta inbertsoreen deiak…». Halaber, kirol enpresa handi batzuk irailean euren produktuak saltzen hasiko dira, eta Ameriketako Estatu Batuetan saltzeko aukera ere sortu zaie. Marketin aldetik gutxi egin badute ere, Estatu espainoletik kanpo, Portugaletik, Argentinatik edo Uruguaitik ere izan dituzte erosketak.