GARA
ISTANBUL

Egunkari ezeroso bateko kazetarien aurkako epaiketa jarri dute abian Istanbulen

Recep Tayyip Erdogan presidentearentzat oso ezerosoa den «Cumhuriyet» egunkariko kazetariek ukatu egin zuten talde «terroristei» laguntza eman izana. Atzo hasi zen beraien aurkako epaiketa.

Turkiako prentsa eskubidearen geroa bera ere kinkan ikusi dute makina bat begiralek. Beraien lanean saiatu baino egin ez duten kazetariei erakunde «terroristei» lagundu izana leporatu diete agintariek, eta beraiek ukatu egin zuten akusazioa atzo, auzitegiaren kanpoko aldean epaiketaren aurkako mobilizazio bat egiten zen bitartean.

Giza eskubideen aldeko ekintzaileen iritziz, “Cumhuriyet” egunkariaren inguruko kasua oso esanguratsua da. Iazko uztailaren 15ean estatu kolpe ahaleginak kale egin ondoren, agintari islamistek «garbiketa» prozesu amaigabeari hasiera eman zioten, kurduen aldeko ordezkari politikoen, gobernuz kanpoko erakundeen eta hedabideen arloetan purga ikusgarriak eginez. Askatasuna Turkian atzera egiten ari dela uste dute, eta epaiketa fenomeno kezkagarri horren beste adibide bat baino ez da, beren iritziz.

“Cumhuriyet” egunkariarekin noizbait lotura izan duten hamazazpi pertsona epaituko dituzte: kazetariak, zuzendaritzako kideak eta kolaboratzaileak. Kazeta 1924an sortutakoa da eta, akusazioaren arabera, hamazazpi lagun horiek zenbait «talde terrorista armaturi» laguntza eman diote. 43 urteko kartzela-zigorra ezarri diezaiekete, kasurik larrienean.

“Cumhuriyet” (Errepublika) egunkariak ez du onartzen akusazioa. Bere ibilbidean agintariak nahastuta zeuden makina bat eskandalu argitara eman izan dituen hedabideak salatu du Turkian bizirik jarraitzen duten ahots independente bakarrenetako bat isilarazteko borondatea dagoela auzi honetan. «Cumhuriyetek ez du beldurrik, ez du etsiko, jarraituko du», esan zien atzo epaileei Akin Atalay zuzendariak: «Askatasuna eta independentzia egunkari honen DNAn daude».

Kadri Gursel zutabegilea, Ahmet Sik ikerketa kazetaria, Musa Kart karikaturagilea, Akin Atalay zuzendaria eta Murat Sabuncu erredaktore-burua daude akusatuan artean. Horietako gehienek bederatzi hilabete daramatzate kartzelan.

Armak Siriako jihadistei

Ez da epaileen aurrean izango Can Dundar erredaktore-buru ohia. Berak 2014an argitaratu zuen artikulu baten arabera, Erdoganen Gobernuak armak entregatu zizkien Siriako jihadistei. Gaur egun Alemaniara ihes eginda bizi da.

Akusazioaren arabera, elkarren artean oso ezberdinak diren talde armatuei eman zieten laguntza: PKK Kurdistango Langileen Alderdiari, DHKP-C ezker muturreko taldeari eta Fethullah Gulen predikariaren mugimenduari.

Ankarako agintariek mugimendu horri egotzi diote iazko estatu kolpe ahalegina. Gulen AEBetan bizi da eta ukatu egin ditu bere aurkako akusazioak.