Ariane KAMIO
DONOSTIA
JAZZALDIA

Ez beti bide beretik

Berritasun hauspotuaren dialektikaz mintzatzen da Ernie Watts saxofoi-jotzaile estatubatuarra. Bizitzaren ikuspegi zabala du 71 urteko musikari beteranoak, eta lausoari izkin eginda perspektiba zehatzetan kokatu du hamahiru urterekin hasi zuen bidearen trazua. Bide berriak urratzen aditu, hazkundearen aldeko logikan sartu du bere burua. Hazi eta hobetu, aurrera egin ahal izateko. «Banda on bat izatea ez da nahikoa, bikaintasunari zor zatzaizkio».

Ernie Watts-ek (Norfolk, Virginia, 1945) bizitza eta bizimodua eman ditu musikan. Hamahiru urte eskasekin hasi zen saxofoia ezpain artean jartzen. Orduan apenas zekien harmoniaz edo akordeez, baina garaiko musikariekin erreferentziak lortu zituen eta entzuten zuena sentitzen ikasi zuen. «Feeling», esaten du berak. 71 urteko beteranoak –72 urte beteko ditu hurrengo urrian– jazz alorreko hainbatekin egin ditu kolaborazioak. Thelonius Monk, Freddie Hubbard, Clark Terry, Jean-Luc Ponty eta Quincy Jonesekin egin ditu grabazioak, esaterako. Baina bere ibilbide profesionalean gehienbat Charlie Haden kontrabaxu jotzaileak izan zuen eraginik handienetakoa. Hadenen Quartet West bandan hogeita bost urte pasa egin zituen –Donostian zuzenean aritu ziren 1993 eta 2001ean–.

Wattsek hogeita lau album sinatu ditu bere ibilbidean eta berrogeita hamar urtetik gora luzatu den eginaldi profesionala pilatu du orain arte. Izen handiko izarrekin elkarlanean aritu izan da urte horietan guztietan, Marvin Gaye, Frank Zappa, Aretha Flanklin, Steely Dan eta pop, rock eta rhythm and blues-eko hainbat talderekin. 1981ean The Rolling Stones taldearen bira batean ere hartu zuen parte.

Los Angelesen saxofoi-jotzailerik garrantzitsuenen zerrendan idatzi zuen bere izena eta bere musika telebistara eta zinemara eramatea ere lortu zuen –“Tootsie”, “Fama”, “The Fabulous Baker Boys”...–.

Bere izena daraman laukotearekin oholtzaratu(ko) da Donostiako Jazzaldian Ernie Watts. Igandean Heineken Terrazan aritu zen, atzo Frigo Gunean eta gaur Kutxa Kultur Klubean izango da, 20.00etan, doako kontzertuan. Berarekin batera, hiru musikari alemaniar: Christof Saenger pianoan, Rudi Engel kontrabaxuan eta Heinrich Koebberling baterian. Hain zuzen, piano-jotzailearekin egin zuen harremanetik sortu zen laukotea. «Alemanian birak egiten hasi nintzen hainbat musikarirekin Christof ezagutu nuen arte. Konexio ona izan genuen eta gainerakoak ezagutu nituen gerora. Taldean nukleo bat dago eta hori oso onuragarria da», aipatu zuen atzo hedabideen aurrean.

Profesionaltasuna darie bere hitzei, eta hobetzeko joera berezkoa du Watts-ek musikari dagokionez. «Ez dut nahikoa talde on batekin, banda handi bat nahi dut. Zehaztasunez jotzen jakin behar dute musikariek, baita askatasunez aritzen ere. Musikalki hazi egin behar dute, ezin da beti era berberean jo. Ezin da beti bide berbera egin», adierazi zuen.

Hartara, Donostiako kontzertuetan eskainiko duen errepertorioaz galdetuta, grabatuta dituen kantuekin ariko dela jakinarazi zuen, nahiz horrek ez duen esan nahi kantu zaharrak direnik. «Kantuak beti dira desberdinak, era desberdinean joak, horregatik materiala beti da berria. Hau bidaia bat da».

«Diziplina»-ra itzuli da behin eta berriro, asperduran ez erortzeko jarrera beharrezkoena dela defendatuz. «Arreta mantentzea ezinbestekoa da, garapen iraunkor batean murgilduta egotea», nabarmendu zuen.

Wattsek oso gogoan ditu bere errepertorioan beragan eragina izan duten musikariak –«etengabe ari naiz haiei omenaldia egiten–, eta batez ere, Charlie Haden. «Egungo kontzertuetan taldean sortutako lanak jotzen ditugu, baina guztiak ‘Reaching up’ kantuarekin amaitzen ditut, hain zuzen, bizitzan hazten jarraitzea aldarrikatzen baitu».