2017/07/26

Bengoetxeak ardura handia dauka

Leitzako aurrelariak Battitte Ducassou izango du lagun Baionako Masterrean, eta aurrean Larralde eta Amulet izango ditu.

Jon LEUNDA
0726_kir_oinatz

Oinatz Bengoetxea izango da aurten Baionako Masterreko berrikuntza nagusia. Ezker paretako txapeldunak aurrean trinketeko onenak izango ditu; hori bai, atzean lagun izango duena, Battitte Ducassou, egungo atzelaririk onena da, eta itxura ona eman nahi du leitzarrak.

Gaur, 20.30ean, jokatuko da aurreneko finalerdia, eta bertan Bengoetxeak eta Ducassouk Larralde eta Amulet izango dituzte aurrean. Azken hauek dira irabazteko faboritoak. Peio Larralde gaur egun dagoen aurrelaririk onena da. Garbi dago bai Larraldek aurrean bai Ducassouk atzean aldea ateratzen dietela gainerakoei. Beraz, gaurkoan Bengoetxeak lan handia izango du, aurrean aurkari oso gogorra izango baitu. Amulet bere ondoan, gainera, primeran moldatzen da gibelean, eta oso bikote arriskutsua bihurtzen da.

Horiek garbi daukate partida aitzinean jokatu behar dela, Bengoetxeari eman behar diotela lanik handiena, eta Ducassou partidatik kanpo eduki behar dutela. Trinketak eta ezker paretak ez daukate zerikusirik, eta hori erakusten saiatuko dira faboritoak.

Bengoetxeak eta Ducassouk, aldiz, kontrako jokoa egin beharra daukate. Pilota atzean jarri behar dute, eta Ducassou izan dadila partidan agintari, baina hori lortzea ez dute oso lantegi erraza izango. Bengoetxearentzat ardura handiko torneoa izango da hau, ez baitago trinketean jokatzera ohituta, eta alboan joko molde horretako onenak izango ditu.

 

Emozioa

Bigarren finalerdia bihar bertan jokatuko da; hori ere 20.30ean. Waltari eta Gixandut Ospitalen eta Bilbaoren aurka arituko dira. Aurrez aipatu bezala, Larralde eta Ducassou une honetan besteen gainetik agertzen dira, eta laukote hau atzetik doa. Hiru gazte eta euren artean Waltari beteranoa. Kubakoa ez da garai bateko bera; urteek eta sorbaldan izan dituen lesioek ez dute barkatzen, baina amerikarrak oraindik egun ona baldin badauka, min handia egin lezake, eta hori bere aurkari guztiek ederki asko dakite.

Atzean Gixandut izango du, eta hori ere sasoi betean dago. Sekulako konfiantzarekin jokatzen ari da. Urte bikaina egiten ari da, eta garbi daukate Binakako Txapelketaren atzetik binaka jokatzen den lehiaketarik garrantzitsuena dela hau. Ondorioz, hemen maila handia emateak sekulako garrantzia dauka, eta Gixandutek garbi utzi nahi du aurten egin duen guztia ez dela zorte onaren emaitza izan.

Beste aldean, Ospital ere Waltarirekin ari da aurrean lehian, Larralderen ondoren zein den onena erakusteko asmo horretan. Atzean Bilbao dauka. Beharbada, aurtengoa ez da iazkoa bezain urte ona izan, eta Baionan izango du duen mailarik onena emateko aukera. Finala igandean jokatuko da, eguerdiko hamaiketan.