GARA
Altsasu

Estatu espainoleko indar armatuei «alde egiteko» eskatu die Sortuk

Udako Kalera Martxako azken etapak –zehazki, zortzigarrena– Altsasu zeharkatu zuen atzo, eta bertan harrera egin zioten, bereziki gogoan izanik preso dauden altsasuarrak. Han izan zen Sortuko Maite Sabaltza, Kontseilu Nazionaleko kidea, eta berak nabarmendu zuen bake garaia dela eta Estatu espainoleko indar armatuak Euskal Herritik joateko ordua dela: «Duela zortzi hilabete Altsasun gertatutakoak argi uzten du Espainiaren estrategia estrategia armatua dela eta edozein mugaren gainetik pasatzeko prest dagoela erakutsi du». Jarraian, eredu hori «onargaitza» dela salatu zuen Sabaltzak eta «horregatik eskatzen diegu indar armatuei alde egitea hemendik».

Bestalde, adierazi zuen oso pozgarria izan dela Kalera Martxak herriz herri jaso duen harrera. «Guk uste dugu kartzelak husteko garaia dela, ez betetzekoa», argitu zuen. «Herri honek nahi eta merezi duena da bakezko eta justiziazko agertoki bat», gaineratu zuen, eta horretarako funtsezkoa iruditzen zaio preso, iheslari eta deportatu politikorik gabeko gizarte bat.