Iosu GANUZA

JENDETZA ERAKARRI DU ELKARTASUNAREN GERIZPEAK

MILAKA PERTSONAK BAT EGIN ZUTEN LAKUNTZAN HATORTXUREN 20. EDIZIOKO ATEAK IREKI ZITUZTENERAKO. ASKO GOIZEAN GOIZ IRITSI ZIREN. HASIERA EKITALDIA HASTEKO ORDUAN ETXERA! GUNEA JENDEZ LEPO ZEGOEN.

Ilarak goizean goiz hasi ziren Lakuntzako sarbideetan eta, atzo NAIZ hedabidean aurreratu bezala, goizeko zazpietarako joan zenik ere izan zen. Hamarrak aldera ireki zituzten kanpineko ateak. Une horretan ehunka gazte martxan jarri ziren Beriain mendiaren magalerantz, euren dendak non jarri erabaki eta lanari ekitera.

Eguerdian, Atarrabiako kuadrilla batek azaldu zuenez, «hona iritsi eta hamar minutuan pultsera eskuratu dugu», baina ondoren «denbora dexente daramagu zain kanpinean sartzeko». Maitane Erro kuadrillakideak jakinarazi zuenez, bederatzi laguneko taldeak zortziko kanpin-denda handia eta «beste txikiago bat» zeraman aldean, motxila, lo-zaku eta gainerakoekin.

Ilaran zeuden Julen Sexmilo eta bere kuadrilla ere, «ordu erdi luze daramagu kanpinera sartzeko prest» zioen gazte altzuzarrak, «baina lasai gaude, presoengatik gatoz hona, elkartasunean festa egitera, eta ongi pasatzeak soilik balio du».

Parrandarako beroketa lanak

Naiz Gunea eta sukaldea ere ordu berean ireki zituzten. Ordutik aurrera, iristen lehenengoek di-da hasi zituzten festarako beroketa lanak, aparkalekutik kanpinera eta kontrako norabidean karga lanak egiten, janaria prestatzen edota parranda hasi aurretik txanda egitea egokitzen zitzaiela barneratzen.

Arratsalderako, ilarak arindu bai baina jendearen joan-etorriak bizi-bizi jarraitzen zuen. Jendetza polita batu zen Lakuntzako plazan elkartasun jaialdiari hasiera emango zion ekitaldiaren zain. Ekitaldi xume baina hunkigarria izan zen. Lehenik antolatzaileek hartu zuten hitza. «Azkenik iritsi da 20. Hatortxu Rock!» esan ondoren, boluntarioei eta herriari eskerrak eman zizkieten, «mugarri izan behar den edizio hau antolatzea» ez dela erraza izan nabarmenduta. Amaitzeko, lanerako deia egin zuten: «Denok etxean izan arte jarraitu behar dugu».

«Ez» ezetz da

Ondoren Lakuntzako Udalak hartu zuen hitza. Patxi Razkin alkateak lehen-lehenik «antolakuntzari eta Hatortxu sortzen duzuen guztiei» eskerrak eman nahi izan zizkien, baita ere «nola ez, Lakuntzako herritarrei». Horrela, «Lakuntzako herri eta herritarrekiko errespetua» eskatu zien bertaratuei, «zaindu ezazue herria eta zaindu itzazue herritarrak». Horrekin batera, eraso sexisten aurrean, Razkinek argi utzi zuen «ez» ezetz dela, txalo eta txistu artean.

Ekitaldia amaitzeko, antolatzaileek jaialdia ahaztezina izango den itxaropena agertu zuten, eta preso guztiak, «den-den-den-denak», etxean izan arte, «zutik» jarraitzeko eskatu zuten. Hala, igandean Beriain gunean izango den ekitaldi nazionalera gerturatzeko deia egin zuten «Beriain bete dezagun!» aldarrikatuz, eta urtero legez «azkena izan dadila!» opatuz.