Jon LEUNDA
PILOTA

Larralde eta Amulet oso erraz sartu dira finalean

Bengoetxeak gauza gutxi egin ahal izan zituen Masterrean, erabat galduta ibili baitzen partida osoan.

LARRALDE-AMULET 40

BENGOETXEA-DUCASSOU 22


Larraldek eta Amuletek mailarik onena eman beharrik ez zuten izan Baionako Masterreko finalean sartzeko, eta hala ere oso erraz egin zuten aurrera, hirugarren kintzetik aitzinera erabateko nagusitasuna erakutsi baitzuten. Aurkariei inongo aukerarik eman gabe, oso garaipen erosoa lortu zuten.

Oso garbi ikusi zen Oinatz Bengoetxea ez dagoela trinketeko esku pilotako profesional onenekin aritzeko moduan. Trinketa eta ezkerpareta oso ezberdinak dira, ez daukate zerikusirik, eta leitzarra erabat galduta ikusi zen norgehiagoka osoan zehar. Partida hasi aurretik ere hori espero zuten zaleek, eta horregatik harmailak ez ziren bete. Ulertzekoa da baita ere hainbat pilotazaleren haserrea, ez baitzuten ulertzen Binakakoaren ostean binaka jokatzen den txapelketarik garrantzitsuenean onenak ez egotea. Antolatzaileek datozen urteetarako ikasi beharko luketen zerbait da hori, berriro horrelakorik errepika ez dadin.

Lehen finalerdi honek ez zuen batere emoziorik izan. Galtzaileak 0-2 aurreratu ziren, eta gero bi berdinketa izan ziren; bina eta hiruna. Baina hortik aurrera Larraldek eta Amuletek nahi bezala eraman zuten norgehiagoka, finalerako lehen txartela eskuratuz. 18-8ko partziala sartu zuten oso denbora laburrean, eta horrekin 21-10 jarri zuten markagailuan. Alde handia zen, eta garbi zegoen Bengoetxea eta Ducassou ez zirela izango horri buelta emateko gai, eta horrela izan zen.

Hortik aitzinera faboritoak lasai aritu ahal izan ziren. Aurkariek ezinean jardun zuten, eta amaieran markagailua apur bat itxuratu ahal izan zuten. Larraldek aurrean erabat agindu zuen, eta atzean Amuletek ere bai. Izan ere, Ducassouri lan asko pilatu zitzaion, eta bera ere ezinean aritu zen.