2017/07/31

Sakabanaketaren kontrako musika, antolakuntza eta borroka Lakuntzan

Azken Hatortxu Rock jaialdia izango denaren esperoan, 20. edizio hau historiara pasatuko da, Lakuntzan bizi izan dena oso handia izan baita. Parte hartu duten 84 musika taldeek, milaka ikusleek eta jaialdia aurrera ateratzeko esku hartu duten boluntario guztiek egin dute posible hori guztia. Urte luzeetan gogoratuko den musika eta elkartasun uholdea izan da azken lau egunetan bizitakoa. Finean, Hatortxu Rock musika jaialdi bat baino gehiago delako.

Koldo OTAMENDI|LAKUNTZA
0731_kul_kenzazpi

Azken lau egunetan Lakuntzanbizi izan dena lau puntutan laburbildu dugu.

Guneak

Guneen antolaketa bikaina izan da. Kontzertu eremuko bi gune nagusiak ederki antolatuak ziren. Bata bestearen ondoan izan arren, bateko eta besteko doinuak ez dira nahasten. Gune nagusia ikusgarria izan da. Bi agertoki erraldoi bata bestearen ondoan. Urdin koloreko diseinuan, HTX Rock hizkiak eta “Denak Etxera!” lelo erraldoia. Ikusgarria.

Gune nagusiak bildu du ikusle gehien. Bertan aritu dira talde ezagunenak. Orokorrean soinua ona izan da emanaldi guztietan. Karpa azpian, berriz, bestelako giroa nabari zen. Hurbilagoa. Zuzenagoa. Beroagoa. Gune batetik bestera joatea ere azkarra eta erraza izan da. Herrigunean ere izan dira kontzertuak; bertan musikaz ere gozatu ahal izan da doako emanaldietan.

Naiz Gunean zuzeneko musikaz aparteko eskaintza izan da. Faku Diazen bakarrizketa, “Emakumeak eta musika” mahai ingurua, Nega-Arnaldo Otegi elkarrizketa, Irrien Lagunak... Hori dena, lasai egoteko gune ederrean.

Bide horretan ere ikusgarriak izan dira bideo errealizazioak. Oholtzatik urrun ere kontzertua jarraitzeko aukera ederra ematen dute pantailek, agertokian bizi diren une txikiak handian eta gertutik bizitzeko aukera.

Taldeak

84 musika taldek hartu dute parte aurtengo Hatortxu jaialdian. Hiru gunetan banatuta, musika talde piloa ikusteko aukera izan da. Ordutegien bikoiztasunak dakarren arazoa alde batera utzita, taldeen aukeraketarekin asmatu dutela esan daiteke. Ikusle kopuru zehatz bat aipatu gabe, jendetza bildu da Lakuntzan egun hauetan guztietan. 84 talde hauek izan dira. Beste 84 izan zitezkeen. Eta afixak erakargarri izaten jarraitu. Festa giroko taldeak izan dira zerrendan nagusi, musika mestizajean oinarritutako doinuekin. Rocka egon da, trikia, popa, metala, bai eta ordu txikietan elektronika giroa ere. Hatortxu jaialdiak badu musika ildo bat, eta edizio berezi honetan musika eskaintza handitu badute ere, argi dute zein den norabidea.

Ikusleria

Hatortxu Rock jaialdiak zerbait handia lortu du. Belaunaldiartekoa izatea. Ikusleen gehiengoa gazteak izan dira; izan ere, adin horietan gozatzen da musikarekin biziki. Dena da berria. Dena interesgarria. Dena kilikagarria... Hatortxu berezi hau historikoa izango da belaunaldi gazte hauentzat. Urteek aurrera egindakoan ongi asko gogoratuko duten hitzordua. Bestetik, jende helduagoarentzat nolabait gaztetasunera buelta suposatu du jaialdiak. Oraindik ere martxan diren talde mitikoak eta Hatortxurako itzuli diren taldeak ikusteko aukera aparta. Berriz gazte sentitzeko aukera. Musika formatu handian berriz ikusteko aukera. Igandea, gainera, familia giroko eguna izan da, seme-alabekin joateko eguna.

Antolakuntza

Antolakuntza ezin hobea izan da oro har. Txalotzeko modukoa. Herrigunea, kontzertu gunea, kanpin eremua, aparkalekuak, barrak, sukaldea, komunak… dena ederki antolatuta egon da. Eta hori ezin egin, txanda bat egin duten milaka laguntzailerik gabe. Herritik herriarentzat sorturiko jaialdia izaki, herritarrek atera dute aurrera. Eguraldiak ere lagundu du, dena errazago bilakatuz. Hatortxu Rock musika jaialdi bat baino gehiago da.

HERRITIK


Antolakuntza ezin hobea izan da orokorrean. Eta hori ezin egin, txanda bat egin duten milaka laguntzailerik gabe. Herritik herriarentzat sorturiko jaialdia izaki, herritarrek atera dute aurrera.

ITZULERAK


Oraindik ere martxan diren talde mitikoak eta Hatortxurako itzuli diren taldeak ikusteko aukera aparta eskaini du aurtengo edizio bereziak.