Haritz LARRAÑAGA
BAIONA
SURFING

Surfaren hastapena Europan:Hawaiitik hasi eta Ingalaterrara

Europako surfaren hastapenaren 60. urteurrena ospatzen ari dira aurten Biarritzen. Askoz ere lehenago, britainiarrak izan ziren, ordea, taulen gainean zutik surf egiten aritu zirenak, eta Europan surf egin zuen lehen pertsona, berriz, printze hawaiiar bat izan zen.

Europan surfaren hasiera Biarritzen kokatzen da, 1957. urtean, Peter Viertel idazle eta argazkilariaren surf taula Euskaldunen hondartzan agertu zenean. Hor hasi zen elur maluta handitzen eta denbora gutxian sekulako tamaina hartu zuen, gainera. Aurrez, ordea, Europako hainbat herrialdetan izan ziren surflariak, baita saiakera anitz ere.

Ondorioz, zuzenagoa litzateke surfa Europara Biarritzetik hedatu zela esatea, Europan surfa Biarritzen hasi zela esatea baino. Gainera, 1957. urtea baino lehenago, Europako leku desberdinetan bakarrik ez, Biarritzen bertan ere izan ziren beren kabuz egindako oholekin zutik surf egiten saiatu zirenak.

Lehen surflariak, printzeak

Ez dago baiezta dezakeen irudirik baina, Ingalaterrako Surfaren Museoko ikertzaileen arabera, David Kawananakoa Hawaiiko printzea izan zen Europan surf egiten aritu zen lehen pertsona. 1890ean Ingalaterra ekialdeko kostaldean izan zen Kawananakoa eta inguru hartan olatuak txikiak badira ere, Bridlingtongo hondartzan surf egin omen zuen. Beraz, egun indar handiena duen tesiaren arabera, Europako olatuetan surf egin zuen lehen pertsona hawaiiar bat izan zen.

Surfari buruzko hurrengo albisteak 30 urte geroagokoak dira. 1920ko hamarkadan, Europako leku askotan ohikoa zen txanpero batekin aparrak etzanda hartzera itsasoratzea, baina taula baten gainean zutik aritzeko aukera izan zutenak gutxi batzuk baino ez ziren izan.

Gauzak horrela, printze hawaiiarra Ingalaterrako ur hotzetan surf egiten jardun eta hiru hamarkada geroago, bere seme Kalakaua Kawananakoa printzeak Waikikiko hondartzan Ingalaterrako printzeari surf egiten irakatsi zion. Egun hartan surf egin ostean surf taularen ondoan atseden hartzen agertzen den laukote baten argazkia da Europako surfaren historiak duen argazki zaharrenetakoa.

Argazkian bi printze ikus daitezke: Edward VIII.a Galesko printzea eta Kalakaua Kawananakoa Hawaiiko printzea. Bi printzeak Louis Mountbatten eta David Kahanamoku lagunekin batera agertzen dira argazkian.

Surf taula bakarra zeukaten lau lagunentzat. Taula David Kahanamokurena zen; ez zuen lemarik, eta Hawaiiko koa akaziaren zurarekin egina zegoen. Ehun libra pisatzen zituen, alegia, 45 kilo inguru. Surf Britainiarraren Museoan printzeak erabili zuen taularen beraren erreplika bat dago, Greg Hall taula egileak egina. Ohola egiteko ehun urte zituen koa akazia baten zura erabili zuen shaper ospetsuak.

Lehen urratsak Hawaiin

1920. urteko apirilean, Waikikira egin zuen lehen bidaia ofizialean, kanoan ibiltzeko aukera izan zuen oraindik printze titulua baino ez zuen Edward Windsor gazteak. Kirol hura maitatzen ikasi zuen, eta, gainera, Duke Kahanamoku igerilari olinpiko eta surf modernoaren aita ezagutzeko zortea izan zuen.

Dukek bera gonbidatu zuen olatuak hartu eta zutik surf egitera, eta printzeak, zinez maitatu zuen kirol ezezagun hura, baina agendak bestelako eginkizunak ezartzen zizkion eta «Renown» ontzian egiten ari zen bidaian jarraitzea egokitu zitzaion.

«Renown» eta «Repoulse», garai hartan munduan ziren bi ontzi azkarrenak ziren. «Renown» gerrarako eraikia izan zen, nahiz eta sekula ez zuten bataila batean erabili. 1916an itsasoratu zen eta 1948an desegin zuten. Tarte horretan, Britainia Handiko errege familiak bere bidaietarako erabili izan zuen sarri, eta, hain zuzen ere, horretan zebilen Edward printzea surfa ezagutu zuenean.

Bidaiak ez zuen, aldiz, printzearen surferako grina baretu, eta, irailean, hiru eguneko atsedenaldia hartu zuen surf egitera joan ahal izateko. Surf egitera bakarrik itzuli omen zen Waikikira eta ezkutuko egonaldi hartan David Kahanamoku izan zuen anfitrioi, Duke handiaren anaia alegia. Lord Louis Mountbatten lehengusuarekin batera hiru egun egin zituen surf egiten, eta azken egunean, esker ona erakusteko, zenbait argazki sinatu zizkieten Edward eta Louisek atseden egun haietan surf egiten irakatsi zieten lagun hawaiiarrei.

1920. urtean ateratako argazki horiek historikoak dira, izan ere, Edward Windsor Galesko printzea Hawaiiko olatuetan surf egiten agertzen da. Europatik kanpo bada ere, europar bat surfean ageri den lehen irudiak izan daitezke, eta gainera, argazki horietako batzuk, esan bezala, sinatuta daude.

Agatha Christie lehenetarikoa

Sasoi hartan munduko beste herrialde batzuetan surf egiten aritu ziren britainiar gehiago ere izan ziren. Esate baterako, Agatha Christie idazlea, eta bere lehen senarra izan zena, Archie Christie, zutik surf egiten ikasi zuten lehenetarikoak izan ziren Ingalaterran.

Lehen Mundu Gerraren ostean piztu zitzaion idazle famatuari surfarekiko jakin-mina. 1924an Londresen egitekotan ziren Britainiar Inperioaren erakusketaren berri eman behar zen munduan zehar eta propaganda lan hori Archieri eman zioten. Horri esker, asko bidaiatu zuen bikoteak.

1922ko urtarrilean alaba txikia Agatharen amaren eta ahizparen zaintzapean utzi eta Hegoafrikara abiatu zen bikotea. Otsailean, uda sasoian zirela, Muizenberg-eko hondartzan egin zuten surf lehenengoz. Kirol hau probatu ostean, honakoa idatzi zuen Christiek: «Hegoafrikako surf taulak egur arinez eginak dira. Estuak dira eta erraz garraia daitezke; horrela hasi nintzen horiekin olatu artean ibiltzen».

Hegoafrika atzean utzi eta Australian eta Zeelanda Berrian izan zen bikotea eta abuzturako Hawaiin ziren. Honolulun, Waikikiko hondartzako olatuetan, Agathak zutik surf egiten ikasi zuen. Lehen urratsak egiterakoan izan zituen zailtasunak eta erorketak ere deskribatu zituen idazleak: «Batzuetan mingarria da, goitik behera erortzen bazara, baina orokorrean kirol erraz eta dibertigarria da» idatzi zuen.

Artean, Ingalaterrako uretan surf egiten hasi zen lagun multzo bat ere bazen, eta 1923. urtean, Ingalaterrako, eta beraz Europako, lehen surf elkarte ofiziala sortu zuen Nigel Oxenden armadako komandanteak. Nigelek bi bider jaso zuen gurutze militarra bere karreran, bata Lehen Mundu Gerran eta bestea Bigarren Mundu Gerran. Elkarte honen ibilbidea, ordea, laburra izan zen.

Lehen surf irudiak Europan

Britainiar bat bertako uretan surfean erakusten duten lehen irudiak, ordea, 1929koak dira, eta bertan mutiko bat ikus daiteke Kornuallesko uretan surf egiten. Zuri-beltzeko irudiotan 20 urteko gazte bat egurrezko taula handi batekin itsasoratu eta surf egiten agertzen da.

Ingalaterran surf egin zuen bertako surflari baten irudi zaharrenak dira, eta ondorioz, baita Europakoak ere. Ingalaterrako surfaren museoan dago irudi hauek biltzen dituen filma eta, ikertzaileen esanetan, ezustean ganbara batean topatu omen zuten pelikula.

Aipatu irudietan agertzen den surflaria Lewis Rosenberg da. Soinu gabeko film zahar batean ageri da, eta, inguruan, Harry Rochlen, Fred anaiak eta Ben Elvey lagunak ditu. Surf taula soinean duela, Londresen trena hartzen duen unetik Kornualleseko itsasbazterrera iritsi arteko bidaia ikus daiteke filmean.

Bidaiaren ostean, Rosenberg taula astuna besapean duela itsasoratzen da eta olatuak hartzen saiatzen da. Aparrak hartu eta hondartzarantz zuzen abiatzen da. Zutik jartzen ahalegintzen da lagunek animoak ematen dizkioten bitartean, baina ez du denbora anitz irauten erori gabe. Horiexek dira Europako surf film zaharrenenean ikus daitezkeen irudiak...