2017/08/10

Kalakan berrituak abuztuan hiru kontzertu emango ditu Sarako leizeetan

Euskal Herriko zein atzerriko kantarien kolaborazioekin batera Kalakan taldeak hiru kontzertu eskainiko ditu Sarako leizeetan. Abuztuaren 21, 22 eta 23an izango dira musika emanaldiak, aldiro musikari ezberdinekin. Lehen egunean Berçaits anaiak, Etchegoyhen ahizpak eta Mattin Lerissa izango dira; bigarrenean Luis Peixoto portugesa eta azkenean Iñaki Salvador. Urte hasieratik Thierry Biscary ordezkatu duen Pierre Sangla izango da hirugarren kidea.

Idoia ERASO|SARA
0810_kul_kalakan

Iazko arrakastaren ondotik, Kalakan taldeak aurten beste hiru kontzertu emango ditu Sarako leizeetan. Emanaldiak guztiz ezberdinak izango dira, horietako bakoitzean parte hartuko duten musikari gonbidatuen estiloaren arabera egokituak. «Norbaitek hiru kontzertuak ikustera etorri nahi badu, bi kantu soilik antzemanen ditu errepikatuak», adierazi zuen Jamixel Bereauk, taldeko kide eta zuzendari artistikoak.

Euskal kanta izango da lehen eguneko musikariak elkartuko dituen gaia. «Denetarik pixka bat izango da, artista bakoitzak bere unibertsoa erakutsiko du», esan zuen Bereauk. Berçaits anaiak, Etchegoyhen ahizpak eta Mattin Lerissaren proposamen artistikoen ondoren, Kalakanekoekin batera kantu batzuk interpretatuko dituzte.

Bigarren egunean Portugal Sarara ekarriko du Luis Peixotoren elektro-folkak. Portugesak euskal taldearekin egin duen “Da Terra” proiektuaren bitartez perkusioa oso presente izango da, eta «estilo rockeroagoa» ekarriko dute kobazulora.

Azkenik, Iñaki Salbadorren pianoak Mikel Laboaren oroimenarekin eta jazzarekin jantziko ditu harrizko hormak. Salbadorren moldaketei esker «kolore berria emango zaio Kalakanen musikari». Jazzaren eta musika klasikoaren ukituekin pianoaren eta ahotsaren inguruan egituratuko da gaualdia.

Sarako harpeetan bezala beste gune atipiko batzuetan ere egiten ari dira kontzertuak: «Gure behar musikalekin ia gune guztietara egokitu gaitezke, eta gero eta gehiago gune ezohikoetan jotzen ari gara. Gure estiloarekin koherentzia du, horregatik ari da funtzionatzen» nabarmendu zuen Bereauk.

Kide berria

Urtarriletik goiti hirukotean aldaketa izan da, Thierry Biscaryren tokia hartu du Pierre Sangla musikari baionarrak. Jadanik musikaren inguruan elkar gurutzatu izan dira egungo hiru kideak, eta horregatik Biscaryren tokia hartzea proposatu zioten Xan Errotabeherek eta Bereauk. Sangla bateria irakaslea ere bada, eta hainbat taldetan jotzen du musika tresna hori.

Perkusio mailan egin duen ekarpena nabarmendu zuten bere bi taldekideek. Errotabeherek baieztatu zuenez, «perkusionista paregabea da. Perkusio kontuetan duen talentua nabarmentzen da, eta laguntzen du ondo oinarritzen abestia». Hala ere, taldearen hutsunea betetzeko momentuan aldaketa gutxi izan direla azpimarratu zuen Sanglak: «Berak zuen rola hartu dut, ukitu berezia eman diot, ibilbide musikal oso ezberdina dugulako, baina taldeak duen identitatea atxikitzen du».

Kantuan gutxitan aritutakoa, baina maila horretan ere bere tokia atzeman zuela baieztatu zuten hiru taldekideek. «Hasieran beti kezkak dira, ahots tinbre berriak ekar ditzakeen aldaketak, eta horrelakoak. Baina Pierrek errepertorio guztia ikasi du, eta ahots oso baxu eta goxoa du, inoiz ez duguna izan», erran zuen Errotabeherek.