Jakes PARROU
DONOSTIA
LARGABISTATIK

Ditxosozko enbata dela eta ez dela, izorrai! . ASTE NAGUSIA

Ba bai, kontxo, piraton festa gogoa nabarmen zaildu digute eguraldi gizon eta emakume orojakileek, telebista aurkezle apokalipsizaleek eta telefono mugikorretako aplikazio moderno higuingarriek. Donostian lehorreratzeko eguna iristean, lehen nahikoa genuen Igeldo aldera begiratu, asko jota Getariaraino, ekaitz arriskurik ote zen sumatzeko; baina orain batek ez badu mamua zabaltzen, bestea da jendea ikaratzen hasten dena, eta denen artean, kaka.

Baietz ba, enbata gertatzeko arriskua izan bazela, baina aizue! piratok ere badugu geure bihotz ñimiñoa. Eta eguna argitu orduko kaian lan eta lan ibili ondoren –batzuk bezperatik ari ziren jo eta fuego, Santa Klaran txalupa osatu eta han txukun aparkatuta–, Bermeoko hartan bezala urak guztiok irentsiko ote gaituen entzutea ez da gauza sano eta onargarria. Ez kai barruan ez oxtiarik, aurten lehorrean geratu beharko ote ginen zurrumurrua zabaldu zen eguerdian, no me jodas! Eta azkenik, bai ba, atera atera egin ginen baina buruzagitzaren aginduz hortxe barruan, olaturik hartu gabe. Aquarium-eko marrazoak etxeko arrainontzian sartuko bazenitu bezala, edota Zurriolako surflariak Martutenera bidali.

Aro triste honen guraso gehientsuak ere, zer nahi duzu, ba, ez dira Bizargorri kortsarioaren ondorengoak, ez jauna. Bazebilen La Flamenkan pirata txiki andana, Huntza entzuteko irrikaz. Baina ama batzuk ditxosozko enbata etorriko zen kontuaz ikaraturik, eta zenbait aita ere marmarka, egitarauak kontzertua zortzietan agindu baina bederatzietan hasiko zela-eta, umeak dantzatu gabe etxera, kabenzotz. Aldapan gorakoa da bizitza, bai.

Gaua iritsia zen eta urrutian tximista xume batzuk baino ez ziren ikusten, baina bazen oraindik gu guztion agonia luzatu nahi zuenik: «Esne Beltza hasi orduko kristona botako du, ikusiko!». Ba ez, lagunok, goizeko ordu bietan izerdi patsetan genbiltzan oraindik eta «hauxe da benetako enbata!» zioten Xabi Solanok eta abarrek. Hurrengoan lasaixeago hartu beharko, ezta?