Haritz LARRAÑAGA
BIARRITZ

Herritarrek bizirik nahi dute Biarritzeko Marbella hondartza

Erakundeek proiektu bat aurkeztu eta kontrako mobilizazioak sortzea maiz gertatzen da. Alta, herritarrei entzun, txosten berri bat adostu eta egun gutxitan bi aldeak asetzen dituen egitasmo bat eratzea, ez da batere ohikoa. Horixe da Biarritzen gertatu dena, Marbella izeneko hondartzaren inguruan.

Iazko martxoan Marbella hondartzan egin beharreko egitasmo bat onartu zuen Biarritzeko Udalak, baina arazoak proiektuaren berri ematen zuten irudi grafikoak argitaratu zirenean hasi ziren. Ordutik gauzak izugarrizko abiadan gertatu dira. Herritarrek, eta batez ere Marbella surf elkarteko kideek, ez zuten begi onez ikusten egitasmoa, eta uztailaren 15ean Sauvons Marbella (Marbella salba dezagun) sortu zuten. Aldebiko bileren eta mobilizazioen ostean, herritar taldeak, behingoz, bere helburua lortu du.

Uztailaren 17an, Michel Veunac jendaurrean agertu zen eta zera esan zuen: «Marbellaren kontuarekin, ez dugu nahi polemikarik». Prentsaurrekoaren helburua jendea lasaitzea zen, baina ez zuten lanei buruzko argibiderik eman eta horrek are gehiago indartu zuen egitasmoaren inguruko eztabaida.

Proiektuaren kontrakoak mobilizatzen hasi ziren eta 4.000 firma bildu zituzten. Artean, Udala Surfrider fundazioarekin bildu zen eta uztailaren 25ean egitasmoaren inguruko xehetasunak eman zituen. Eztabaida puri-purian zegoen, bulegoetan zein kalean.

Bi ziren askatu beharreko korapilo nagusiak. Batetik, erosioa. «Hor dago eta gertatzen ari da, urtez urte itsasoa lurra jaten ari da eta laster arriskuan izango dira labarretan bizi diren auzoak», zioen Guy Lafite alkateordeak. Bigarren korapiloa hondartza inguruko zirkulazioa zen, Lafiteren iritziz, «mugikortasuna» erraztu behar delako.

Ahalik eta gutxien kaltetu

Abuztuaren 1ean, Michel Veunac auzapeza eta Christophe Landrin, Udaleko zerbitzuburua, Sauvons Marbella taldeko ordezkariekin bildu ziren. Elkarteko kideak kontent atera ziren bilkura hartatik, hastapeneko proiektua atzera bota eta planoak aldatzea lortu zutelako. Haien esanetan, Herriko Etxeko ordezkariek ideia aldatu zuten, «konturatu baitziren arrokak eta betoia jartzeak hondartza desagerraraziko lukeela».

Hilaren 6an, igandean, piknik bat antolatu zuten hondartzan, «elkarrizketa fasea ireki dela ospatzeko». Hala ere, Nicolas Carpentier Sauvos Marbellako ordezkariak abisatu zuen, «zuhur segituko dugu hondartza errespetatzen dela ziurtatu arte».

Egun beraz, Marbella hondartza salbu da. Udalaren proiektuak zioen bezala, hondartzaren gainaldean porlana eta harri erraldoiak ezarriko balituzte itsasgoran hondartza guztiz desagertuko litzateke.

Kontuan hartu behar da Biarritz hegoaldean aurkitzen den lehen hondartza itsasgoran guztiz estaltzen ez den bakarra izateaz gain, oraindik gizakiaren esku hartzeak desitxuratu ez duen eremu bakarra dela. Eta horregatik maite dute hainbeste bertako surflariek.

Proiektu berriak mugikortasunaren arazoari erantzungo dio, baina erosioaren arazoak oraindik hor jarraitzen du. Edonola ere, naturak bere lana egingo du, baina oraingoz ez da gizakia izango kostako eremu natural hori eraldatuko duena.

Nicolas Carpentierrek, lanen txosten teknikoa egitearen ardura duen Antea enpresako kideak, honela azaltzen du aldaketa honen funtsa: «Hasierako proiektuan pasealeku bat zegoen eta berau eraikitzeko hondartza zati garrantzitsua desagerrarazi behar zen. Gaur, labarrak indartzeaz mintzo gara, guztia, ingurumenari ahalik eta kalte gutxien egiteko helburuarekin».