Idoia ERASO
URRUÑA
Elkarrizketa
JOKIN IRUNGARAY
ZEZENAREN TALDEKO MUSIKARI ETA KANTARIA

«Lagunartean gaudeneko delirioek gure kantuetan bukatzen dute»

«Zezena» tronpetariaren inguruan bildutako Lapurdiko eta Nafarroa Behereko lagunek osatzen dute Zezenaren Taldea. Jokin Irungarayk baterian, perkusioan eta kantatzen dauka bere tokia, eta, beste bost kideek bezala, abestien hitzak eta musika idazten ere bere ekarpena egiten du.

Disko berria aurkezteko kontzertuz kontzertu dabil Zezenaren Taldea. Asteazkenean Gasteizen jo ondoren igandean Donibane Garaziko festetan izanen dira. Irailean Larzabale, Oñati, Zarautz eta Donostian joko dute, eta data berriak lotzeko «biziki irekiak» daude.

“Patatra” diskoarekin estilo berri batekin heldu zarete.

Hasieratik genuen estilo berezia, Balkanetako musika gure maneran edo saltsan hartzen genuen. Gure lehen diskoan kutsu balkanikoa atxiki genuen; aldiz, bigarren disko honetan ukitu hori utzi egin dugu. Gure hari musikalak are urrunago eraman ditugu, libertate osoan, eta ematen du estilo biziki berezia, zaila definitzeko. Guk irri egiteko maiz erraten dugu lehen «punk-boltxebikea» egiten genuela, «pop-punk-galaktikotik» pasaturik, eta orain «flunch-rocka» egiten dugula, baina irri egiteko da.

Estilo ezberdinak atzeman daitezke kantuetan?

Bai, eta batzuetan kantu berean ere estilo biziki ezberdinetatik pasatzen gara. Askotan maite dugu istorioak kontatzea, eta beraz, istorioaren arabera kantuak bihurgune eta kolore ezberdinak har ditzake.

Istorio horietan zer kontatzen duzue?

Gure lagunarteko delirioak, batzuetan bada ere gaurko gizartearen analisi txiki bat, baina zinez, guk bizi dugun maneran, jendeari nola egin behar den erran nahi gabe. Katu baten istorioa ezkontza batean... Lagun talde bat gara, sei musikari eta soinu teknikaria, eta entsegu edo bazkari eta afarietan pasatzen dugun denbora biziki alaia da. Momentu horietan ateratzen diren delirioek gure kantuetan bukatzen dute.

Nork idazten ditu kantuak?

Bi diskoetan hamar kantuetarik zortzi guk idatzi ditugu. Lehenik pasarte bat idazten dugu, gero tarte bat pasatuko da ezer idatzi gabe, egun batez bazkari batean ideia bat heldu eta kantuaren bukaera idazten dugu. Gero, beti gure inguruan ditugun eta maite ditugun bertsolariei kantu bana eskatu diegu. Disko honetan Patxi Idiart eta Maddi eta Ainhoa Sarasuak idatzi dituzte. Izan hitzak edo musika, biziki kolektiboa da, eta beharbada horrek egiten du hainbeste kolore izatea. Seiok zerbait ekartzen diogu kantu bakoitzari.

Zuen istorio horiekin zer nahi duzue helarazi?

Guk zinez musika maite dugula. Gure lagunartean biziki ongi pasatzen dugu, eta hori musikatzen dugu, ahal badugu jendeari helarazi, oso kontent gara. Zinez plazera da lortzen dugularik publikoarekin partekatzea.

Taldearen izenak alaitasuna transmititu nahi du?

Uste dut baietz. Izen horrek ez du beti arrakasta handia Hegoaldean, jendeari pixka bat espainolista egiten baitzaio, baina guk Iparraldetik, gure taldeari izena eman geniolarik, ez genuen Espainiako zezenetan pentsatu; gure arteko beste delirio bat da. Gure tronpetariari, taldeko nagusi bezala, Zezena izengoitia eman genion, eta beraz gu ginen bere “dizipuluak”.

Diskoaren izenburua “Patatra” da. Zer esan nahi du?

“Badabun badabun” zuen izena lehen diskoak. Horrek zapartatzea (lehertzea) adierazten du, eta zapartatzearen ondoan dena puskatzen eta erortzen delarik «patatra» erraten diogu guk. Beraz, badabun-badabunen ondotik, patatra!

2018aren bukaerarako pausa bat egitea aurreikusten duzue.

Pausa txiki bat. Gure bizitza pertsonalak aurrera baitoaz, eta horrelako talde baten eramateak denbora asko eskatzen baitu. Guk ere ez dakigu, baina ikusiz zein laguntasun biziki indartsua dugun taldean, ez da dudarik segida bat izanen dela geldialditxoaren ondotik.