Aitor Agirrezabal
Kazetaria
IKUSMIRA

Berririk ez oporretan

Astelehenean itzuli nintzen erredakziora. Zubia, gutxika hasteko egokia. Berriz martxa hartu, ahaztutako gauzak gogoratzen saiatu edo, besterik gabe, eguneratzeko aproposa. Ezta? «Abuztuan ez da deus pasatzen». Eta hala dirudi. Aldiz, ez dira gutxi opor, festa eta hondartza garai honetan ematen diren mugimenduak. Turismo modeloaren gaineko eztabaida, Trump, Charlottesville eta neonazien erasoa eta Rafa Diezen askatasuna (bat gutxiago!) izan ditugu azken egunetan hizpide. Baina hau izaten da ere agintariek zenbait mugimendu egiteko aukeratzen duten urteko garaia. Eta ez dira futbol fitxaketak.

Atseden eta deskonexiorako beharrak ez du mundua gelditzen. Ez astebetekoak, ezta hilabeteetakoak ere. Nire kasuan, Hatortxun murgilduta azken hilabeteetan, askotan izan dut kanpoan ezer berezirik gertatzen ez zen sentsazioa. Aldiz, azken egunotan, egunean jartzeko behar horrekin, errealitatera itzuli naiz. Edo behintzat errealitate honetara. Igual da urteko garaia. Sare sozialen eta informazio masiboaren garai honetan asko dira gure begien aurretik, jaramon handirik egin gabe, pasatzen uzten ditugun albisteak. Esparru ezberdinetan ezinbestekoak diren eta guretzako titular batzuk baino ez diren aldaketak. Beste batzuetan, denbora pasatzen da albisterik gabe. Bost hilabete dagoeneko Iruñean Oreretako gazteak atxilotu zituztenetik. Berririk?

«La revolución nos pilló de resacón», abesten dute Lendakaris Muertos iruindarrek. Eta hau esanda, ostirala da, eta niri ere iritsi zait asteburuaz gozatzeko garaia. Tafallako jaiak dira, turista moduan noa eta mugikorra itzaliko dut.