GARA
BILBO

Bizkaiko egoitzetako greba iraileraino luzatuko da

Bilboko Aste Nagusian mobilizazio «aktiboak» egitea aurreikusita dutela jakinarazi du ELAko ordezkari Gaizka Miguelek: «Ez da lan arazoa bakarrik, arazo soziala ere bada».

Bizkaiko zahar-egoitzetako greba irailaren 17raino luzatuko dela jakinarazi zuten atzo eginiko prentsaurrekoan langileek. Abuztuaren 31 zen greba amaitzeko hasierako data, baina Bizkaiko Foru Aldundiaren eta patronalen aldetik mugimendurik sumatu ez dutela salatu zuten atzokoan langileek. Hala, irailean lan hitzarmen berria onartu ezean, mobilizazioekin jarraituko dutela ziurtatu zuten ELA sindikatuko delegatu zein grebalariek. Geldiune berri honekin, greba 300 jardunaldi baino gehiagoraino iritsiko da.

Auzi honetan ELAko ordezkari den Gaizka Miguelek Bizkaiko Aldundiaren jarrera kritikatu zuen, grebalarien arazoak entzuteari uko egiten diola salatuz. Sindikatuaren arabera, Aldundiaren jarrera «zinikoa eta ahaltsua» izaten ari da, «patronalaren alde agertuta eta aurrerapausorik eman gabe».

«7.500 egoiliarrek osatutako kolektibo baten duintasunagatik gaude borrokan», ziurtatu zuen ELAk. 1.200 euroko soldata, astean 35 lan-ordu eta langile gehiago kontratatzea eskatzen dute hitzarmen berrian. Modu berean, sektoreko Bizkaiko langile guztiak erregulatuko dituen hitzarmena ere exijitzen dute.

Aurreikusitako mobilizazioak

Prentsaurrekoaren ostean manifestaldia abiatu zuten grebalariek Errekalde zumarkaletik, Bilboko Udaletxeraino. «Irabazi arte» borrokan jarraituko dutela oihukatu zuten. Aurreratu zutenez, datozen egunetan «kanpaina oso aktiboa» egingo dute Aste Nagusiarekin bat eginez. «Jendea batzen den ekitaldi guztietan egongo gara», ziurtatu zuen Gaizka Miguelek, Bizkaiko egoitzetako langileen arazoak ahalik eta hedapen handiena izatea helburu. Izan ere, «hau ez da soilik lan arazoa, arazo soziala ere bada». Abuztuaren 26ra bitartean, hiriburuan zehar auto ilarak sortuko dituztela ere zehaztu zuen. «Txikigunean, zirkuan, barraketan, txosnetan edo kontzertuetan presente egongo gara», gehitu zuen.

Grebarekin bat egiten duten langileak egunetik egunera gehiago dira. Hori bai, langileek greba eskubidea baldintzaturik dutela ere salatu zuten. Izan ere, lan ordezkaritzak behartuta eskaintzen dituzten gutxieneko zerbitzuak oso handiak dira, %90ekoak ere kasu batzuetan. Hori horrela, adierazi zuten ezin direla nahi beste kalera irten mobilizazioak aurrera eraman eta gatazkaren berri emateko.