GARA
DONOSTIA

Lau emanaldi berezi izango ditu Zinemaldiak

“Kimi no Na Wa/Your Name” filma ekoitzi zuen etxearen lan berria, 2013ko Goncourt saria irabazi zuen eleberriaren egokitzapena eta Arnold Schwarzeneggeren ahotsak gidatutako hiru dimentsioko esplorazioa itsasoko altxorretan barrena. Hiru lan horiek gehitu zaizkio Fernando Franco zuzendariaren “Morir” filmari Donostia Zinemaldiko Sail Ofizialeko lau emanaldi bereziak osatzeko.

“Kimi no Na Wa/Your Name” iaz estreinatu zen Donostian, eta Japoniako animazio-film arrakastatsuena izan da txartel salmentari dagokionez. Bada, filmaren ekoiztetxeak “Uchiage hanabi, shita kara miruka? Yoko kara miruka?/Fireworks, Should We See it From the Side or the Bottom?” aurkeztu du aurten, Akiyuki Shinbok eta Nobuyuki Takeuchik zuzendua.

Albert Dupontel (Saint-Germaine-en-Laye, Estatu frantsesa, 1964) aktoreak “Au revoir là-haut/See You Up There” aurkeztuko du Donostian: berak zuzendu, protagonizatu eta idatzi du filma, izen bereko eleberria (2013ko Goncourt saria) idatzi zuen Pierre Lemaitre egilearekin batera. Azkenik, “Wonders of the Sea 3D”, Schwarzeneggerrek (“The Terminator”, “Total Recall”) ekoitzi eta kontatutako filma, hiru urtez filmatu da, Fiji uharteetatik Bahametara arteko munduetan. Jean-Michel Cousteau esploratzaile eta ekoizlea –Jaques-Yves Cousteauren semea– eta Jean-Jacques Mantello dira zuzendariak.