Nagore BELASTEGI
KURSAAL INGURUKO GIROA

URUMEAREN ERTZEAN ARRANTZA ETA GASTRONOMIA UZTARTZEN DIRENEAN

ARRANTZA BAKARRIK EGITEKO KIROL ISILA BADA ERE, LAGUN ARTEAN ERE GOZA DAITEKEELA FROGATU ZUTEN ATZO ASTE NAGUSIKO XXIII. ARRANTZA LEHIAKETAN PARTE HARTU ZUTENEK.

Festa bakoitzak bere adierazgarriak ditu eta Donostiako Aste Nagusiarenak aipatu behar baditugu, eguneroko su artifizialak eta jada guztien bihotzean txoko bat lortu duen abordatze pirata azpimarratu ditzakegu. Adibide batzuk besterik ez dira, noski, bakoitzak bere ekitaldi kutunak baititu.

Egitarauan denbora gehien daraman ekitaldietako bat Miguel Angel Fernandezen omenezko arrantza lehiaketa da, aurten XXIII. edizioa bete duena. Urumea ibaiaren bazterrean ibili ziren arrantzan haur eta helduak, bi kategoriatan banatuta. 15 urtetik gorakoak ibaian barrena barreiatuta zeuden eta helduek Kursaal parean zuten lekua, itsasoaren ertzean.

Hamabost haurrek parte hartu zuten lehiaketan, nahiz eta guztiak helduekin egon eta kasu askotan haiek ari ziren arrantzan haurren ordez. Bazka moduan ogia erabiltzen zuten euren helburua korrokoiak harrapatzea zelako, arrain handiak direlako, eta, gainera, oso ugariak direlako Urumearen amaieran. 50 gramo baino gehiagoko arrainek bakarrik balio zuten. Arrain bat harrapatzean, postura joan eta bertan pisatzen zuten. Partaide bakoitzaren puntuak gehitzen joaten ziren; puntu bat gramoko.

Helduen lehiaketa ere antzekoa zen, baina hauek ezin zituzten korrokoiak harrapatu, beraz, zailtasuna handiagoa zen. Era berean, euren muga 100 gramoko arrainetan zegoen. Arrainik harrapatuena karraspioa izan zen, baina lupia eta erlaren bat ere harrapatu zituzten. 40 heldu inguruk hartu zuten parte lehiaketan, antolatzaileen esanetan iaz baino gutxiagok. Izan ere, marea kontuan izan behar da arrantza egiteko, eta, iaz arratsaldean bazegoen itsaso aproposa, aurten goizean izan da.

10.00etan hasi zen txapelketa, eta 13.00etan amaitu etxafuego batekin. Pixkanaka, parte hartzaileak arrantzako tresna guztiak bildu eta postura gerturatzen hasi ziren. Sari banaketari ekin zioten orduan. Lehenari, garaikur bat, kanabera bat eta karrete bat eman zizkioten, eta, bigarrenari eta hirugarrenari, garaikur eta kanabera bana. Sari berezi bat zegoen alerik handiena jasotzen zuenarentzat. Haurren kasuan, parte hartzaile guztiei eman zieten domina bana.

Helduen artean David Pausak lortu zuen lehen postua, baita alerik handienaren saria ere. Jose Luis Barriuso izan zen bigarren eta Fernando Usain hirugarren. Haurretan, berriz, Iker Arrillaga izan zen lehena, eta arrainik handienaren saria ere eskuratu zuen. Atzetik Amets Arrillaga eta Aintzane Moskero sailkatu ziren.

Mundu guztiko janaria

Lehiaketa amaitu bezain laster, ordura arte hutsik zen Kursaaleko terraza betetzen hasi zen. Bertan dago food truck txokoa, hau da, janaria saltzen duten furgoneten espazioa, eta, bazkalordua hurbildu ahala, mundu guztiko janarien usaina jendea erakartzen hasi zen.

Kursaaleko terrazan zen Yummy World’s Flavours-eko Alberto Naya, Saloukoa, hot dog batzuk prestatzen. Hanburgesak ere baditu, oso bereziak gainera: buffalo monster, hirugihar eta cheddar gaztarekin, amerikar erara; New Jersey gourmet-a, tipula, marmelada, ahate moussea, errukula eta parmesanoarekin; eta mediterraneoa, urdaiazpiko, ardi eta ahuntz gazta, piperrak eta saltsa bereziarekin. Guztiak, asturiar tahal ekologikoarekin.

Alboan zegoen Ezequiel Castro, haragia argentinar erara prestatzen duena. Azaldu zigunez, gehien saltzen dena grilla da, alegia, askotariko parrillada. Hori ba, berari gehien gustatzen zaiona txorizo kreolea da. Aurrerago zen School Caravan kreperia, Laia Valverde katalanak gidatzen duena. Bertako izarrak, nutella, laranja edo txokolate beltzarekin egindako krepe gozoak. Gazien artean, urdaiazpiko, gazta eta espinaka krepeak. On egin bada!