Gotzon ARANBURU

HONDARRIBIKO JAIZKIBEL KONPAINIA, INDARTSU ALARDEARI BEGIRA

Jai giroa, alarde giroa, euskal giroa. Hiru ezaugarri horiek izan zituen joan den larunbatean Hondarribian Jaizkibel konpainia parekideak egindako lehenengo entseguak, aurtengo alardeari begira.

Hasi eta buka, inongo istilurik gabe burutu zuten entsegua 200 bat lagunek. Konpainian izandako aldaketen berri ere eman zuten, horien artean kapitain berria izango dutela, hain zuzen ere Oihana Etxebarrieta. Honek zuzendu zuen lehenengo entsegua.

Zazpiak aldera biltzen hasiak ziren Jaizkibel konpainiako lehendabiziko kideak San Kristobal plazan, eta, lagun gehiago iritsi ahala, elkarri agur beroak eman zizkieten. Ordubete geroago, txapel gorriz bete zen errepidea eta orain arte Jaizkibeleko kapitaina izan den Izaskun Larruskainek hartu zuen hitza, konpainiak hogei urte bete dituen honetan izango dituen aldaketen berri emateko. Euskara hutsez mintzatu zen.

Hasteko, kapitain berria izango du Jaizkibelek, Oihana Etxebarrieta. Kantinera ere berria izango da, Amets Mariskal, eta baita banderaria ere, Garazi Alza. Denek jaso zituzten bildutakoen txalo zaparrada eta danbor errepikak. Hitzaldi laburra baina beroa egin zuen Oihanak, gogoratuz nola esan zioten duela hogeita lau urte, alarde parekidearen aldeko lehenengo pausoak eman zituztenek: «Oihana, bai, nahi duzun tokian eta nahi duzun bezala izango duzu zure herriko jaiez gozatzeko aukera». Eskerrak eman zizkien bai bide urratzaile haiei eta bai duela hogei urte Jaizkibel konpainia sortu zutenei.

Plastiko beltzen gainetik eta norberak izan ditzakeen beldurren gainetik, «irabazten ari dena gozatzeko, musika egiteko, ondo pasatzeko daukagun gogoa da, eta hori da Jaizkibelek emango diguna. Herritik eta herriarentzako jaia, guztiok elkarrekin gozatuko dugun jaia, hori da lortuko duguna. Gora Jaizkibel!» oihuarekin bukatu zuen hitzaldia kapitain berriak, eta segidan konpainiaren buru jarri zen, ibilbideari ekiteko. Itsas bazterreraino joan, berriro kasko aldera jo eta Alde Zaharreko kaleetara jo zuten, herritarren txalo artean hainbat unetan.

Adin guztietako kideak bildu ziren Jaizkibelen entsegura, hasi neska-mutiko gazteetatik eta adineko gizon-emakumeetaraino, denak ere txapel gorria buruan. Eskopetaririk ez zen ibili larunbatean, baina segurutzat jo daiteke datorren ostiralean bostehun lagunek baino gehiagok osatuko dutela konpainia alardean. Beste pauso bat berdintasunezko alarderako.

 

BERDINTASUN SARIA, EMAKUME BERTSOLARIENTZAT

Aurten, hirugarren aldiz, Jaizkibel konpainiak Hondarribia Berdintasun Saria eman du. Larunbatean izan zen ekitaldia, Hondarribiko kultur etxean, eta emakume bertsolarien izenean Kristina Mardarasek, Erika Lagomak, Uxue Alberdik, Amaia Agirrek, Ainhoa Aranburuk eta Maialen Lujanbiok jaso zuten ohorezko zapia.

Epaimahaia Paul Riosek, Garbiñe Biurrunek, Maddalen Iriartek, Xabier Lapitzek eta Nieves Alzak osatu dute. Ekitaldian izan ziren, ikusle gisa, beste politikari batzuen artean, Denis Itxaso (PSE) eta Luis Intxauspe (EH Bildu).

Larunbatean, gainera, Iñigo Goikoetxeak Jaizkibel konpainiaren historia kontatzen duen komikia aurkeztu zuen. Konpainiako kidea da eta ondo ezagutzen ditu Hondarribian gertaturikoak. Komikiaren hainbat orrialde proiektatu zituen, eta hiru azalen artean aukeratzeko aukera izango dutela jakinarazi zien bertaratutakoei; bozketa bidez egingo da hautaketa.

Jaizkibeleko bozeramaileak adierazi zuenez, Hondarribia Berdintasun Sariaren antolaketak aspaldiko kezka batean du sorburua: «Urte luzez, askorentzat Hondarribia plastiko beltzen hiria izan da. Entzuten dute gure herriaren izena eta horixe datorkie gogora. Hori aldatu nahi genuelako, Hondarribia emakume eta gizonen arteko eskubide berdintasunaren ikur bihurtu nahi genuelako antolatu genuen aurten hirugarren urtea bete duen sariketa». Saria emakume bertsolariei ematearen arrazoia, berriz, «aspaldikoei, duela gutxikoei eta oraingoei, mende luzez gizonezkoen mundua izan den horretan berdintasuna txertatzeagatik eskerrak ematea».G.A.