2017/09/10

Erreportajea
 
EUSKAL HERRIAN ERE ASKATASUN BIDEA

Arnold Deppe atxilotu ondoren isilpeko taldea antolatzeko ardura hartu zuen hura bezala erresistentziako kide zen Andree de Jongh haren emazteak. Euskal Herrian laguntzaile apartak aurkitu zituen ehunka hegazkinlari aliatu ihes egiten lagundu zuen Comete Sareak.

Maite UBIRIA
0910_eh_comete

Deppe ingeniariak Euskal Herria ezagutzen zuen, zinema soinu teknikari gisa lehendik Donibane Lohizunen ibilia baitzen. Belgikako erresistentziako kidea atxilotu ondoren bere bultzadapean sorturiko taldea berrantolatzeko ardura hartu zuen Andree de Jong haren emazteak. Handik aurrera Comete Sarea bezala ezagutuko zen erakundeko arduradun gisa Dedee Jongh 1941eko uztailean heldu zen Baionara. Naziengandik ihesean ziren hainbat kiderekin batera zeharkatu zuen, estreinakoz, Bidasoa ibaia, Tomas Anabitarte mugalari hernaniarra bere ondoan zuela.

Behin ihesbidea balioztatuta, ondoko urteetan hamaika aldiz egin edo antolatu zuen erizain belgikarrak hegazkin gidari aliatuak salbuan jartzeko zeharkaldia, 1943ko urtarrilaren 15ean atxilotu zuten arte.

Hain zuzen ere, muga igaro aitzin pilotu horiek atseden hartzeko baliatzen zuten Urruñako Bidegain Berri baserrian atzeman zuten De Jongh. Bertako jabe Frantxia Usandizagarekin eta bere aterpean bizi zen Juan Manuel Larburu euskal iheslari eta sareko mugalariarekin batera atxilotu zuten.

Cometeko burua kontzentrazio esparruetara eraman bazuten ere bizirik atera zen, behin gerra amaituta ohore handiak jaso zituela. Belgikan kondesa, armadako teniente-koronel eta Leopoldo erregearen Ordenaren kide izendatu zuten. Frantzian Legion d'Honneur delakoa eman zioten eta Britainia Handian George Medal izendapena. AEBetan ere Freedom Medal domina jaso zuen.

Arestian aipatu euskal sarekide biak, ordea, kontzentrazio esparruetan hil ziren, eta hamarkada luzeetan haien konpromisoari buruz ezer gutxi aipatu zen «liberatutako Frantzian». Esaterako, Comete Sarearen 70. urtemugaren atarian soilik idatzi zuten Frantxia Usandizaga erresistentearen izena Errepublikak agindutako gerrateetan hildako herritarrak omentzeko Urruñako erdigunean ezarritako oroigarrian, horrela hamarkadetako ahanzturari bukaera emanez.

Ihes lerro iraunkorra

Naziek okupatzen zituzten lurraldeak bonbardatuz jarduten zuten pilotuak erreskatatzen lagundu zuen gehienbat sareak. Belgika eta Frantzia zeharkatuta, Euskal Herrira ekartzen zituzten. Baionan, Angelun eta Donibane Lohizunen sareko laguntzaileak zituztenez, bertan atseden hartu ondoren Zeelanda Berritik, Britainia Handitik edota Frantziatik heldutako soldadu horiek, euskal mugalarien laguntzaz, Bidasoaren bestaldera igarotzen ziren. Baionan, besteak beste, Dassie, Lapeyre eta Saboulard familien laguntza ezin estimagarriagoa izan zuen sareak. Angelun, berriz, De Greff familiakoa zen Voisin etxea Cometeko egoitza izan zen, gerra garaian okupatzaileen aurka borroka egin zutenen aterpe nagusia bilakatuz.

Ziburu-Zokoko hilerrian Kattalin Agirre eta Florentino Goikoetxearen hilobiak daude. Agirrek Donibane Lohizuneko Euskalduna hotelean egiten zuen lan eta horri esker, Comete Sarea ez ezik, erresistentzia jarduera anitz lagundu zituen.

Euskal Herrian hainbat sarek jardun zuten nazien aurkako borrokan. Izan ere, Bidasoaren alde batetik bestera pilotuak eraman zituen Comete Sarea da ezagunena. Victor Lopez Barrantesek GARAri azaldu dionez, «hori horrela da neurri batean armamentua baino askoz balio handiagoa zeukatelako hegazkin gidariek; hala, sareari esker pilotu horiek azkar ebakuatu ahal izan zituzten, gerra irabazteko ezinbestekoa zen bere jarduera militarra berrabiarazi ahal izateko».

San Migeletik ibaia zeharkatu ondoren, Puntxaseko bidetik Oiartzun eta Errenteriarantz abiatzen ziren. Sarobe baserrira iristen zirenean atzerri gudariek Arbide-Garaiar familiaren laguntza jasotzen zuten. Donostian berriz, garaje baten jabe zen Bernardo Arakamak gordetzen zituen. Biharamunean britainiar kontsulatuak bidalitako autoan Madrilera eta handik Gibraltarrera eramaten zituzten, finean Londresera itzultzen zirela berriz ere gerran sartzeko. Frantziarrak, ordea, Magrebera ebakuatzen zituzten.

“Nicolas Guerendiain” Irungo Errepublikarrak elkartekoa izateaz gain Comete Sarearen Lagunak elkarteko kide den Barrantesek nabarmendu duenez, «sareko sortzaile gehienak joan bazaizkigu ere, beraiek eginiko lanarekin segitzen dugu, memoria landuz, eta horregatik urtero, irail hasieran, pilotu horiek euskal mugalarien laguntzaz egin zuten askatasun ibilbidea berriro urratzen dugu, era horretan Comete Sarea lagundu zuten herritar ausartak omenduz».

 

De Ziburu a Errenteria, en honor de los «mugalari» de la red que salvó a 800 pilotos

Los Amigos de la Red Comète celebran este fin de semana la decimooctava edición de la marcha con la que conmemoran la labor de dicha organización clandestina. Creada en 1941 y liderada hasta su detención por la resistente belga Dédée De Jongh, Comète se encargaba de rescatar a pilotos aliados caidos en territorios ocupados por los nazis. Esos soldados atravesaban miles de kilómetros antes de llegar a Euskal Herria, cruzar el Bidasoa y seguir luego camino hacia Gibraltar, desde donde eran evacuados a Londres. En presencia de algunos de esos veteranos o sus descendientes, los Amigos de la Red Comete han llevado a cabo entre el viernes y ayer distintos homenajes en Baiona, Angelu, Donibane Lohizune-Ziburu y Urruña, en recuerdo a los «resistentes» de ambos lados de la muga que contribuyeron a la labor de poner a salvo a los más de 800 pilotos rescatados entre 1941 y 1945 por Comète. Una iniciativa que hoy se completará con varios actos en Orereta y Oiartzun, y que ha contado con el apoyo de la asociación republicana irundarra “Nicolás Guerendain” y de la asociación montañera Urdaburu de Orereta. M.U.