2017/09/14

Pazientzia eskatzen du

Larunbateko akats berdintsuak egin zituzten donostiarrek eta Rocasak bikaintasunez aprobetxatu zituen.

Ane URKIRI ANSOLA
0914_kir_azurmendi

BERA BERA 29

ROCASA ACE 34

 

Denboraldia hasi berritan pieza guztiak bat etortzeko denbora gehiago behar du Montse Pucheren taldeak. Laburbilduz, pazientzia eskatzen dute donostiarrek. Bidebietan Rocasa nagusi izan zen, alde guztietan. Bera Berak aurreneko hiru erasoetan huts egin zuen, laugarrenean Etxeberriak asmatu zuen arte. Bosgarren minutuan markagailua estu bazegoen ere (2-3), hamargarren minuturako kanariarrek areagotua zuten aldea, 5-8 islatzeraino. Hortik aurrera, Bera Bera Rocasatik hurbilen lehen zatiaren erdialdean izan zen, bi gol atzetik. Defentsako malgutasuna aprobetxatu zuen Antonio Morenoren taldeak, eta erasoan larunbateko akats berdinak ikusi zituzten Bidebietara gerturatutakoek eta atsedenaldira lau gol atzetik joan ziren gipuzkoarrak. Denbora asko zen, gainera, Bera Berak aurreneko 30 minutuetan 19 gol jasotzen ez zituela. Zifra horixe bera izan zen neurketako laburpena. 

Itxura hobetzeko ezinbesteko beharra zuen Pucheren taldeak markagailua irauli nahi bazuen. Nahia bazegoen, noski, baina gauzak gaizki hasten direnean, patua erabakita dagoela dirudi. Erasoan Rocasak fin jarraitu zuen, ia jaurtiketa bakoitza gol bihurtuz –azken minutuetan Lladrok eginiko geldiketak izan ezik– eta Bera Berak, aldiz, Silvia Navarro atezain beteranoarekin topo egin zuen. Hala, 50. minuturako Rocasak zortzi goleko aldea eskuratu zuen, neurketa praktikoki poltsikoratuz. 

Epailearen erabaki batzuek ere haserretu zuten Bera Bera, jokalari eta zaleak bat egitea lortuz. Presio gutxiagorekin jokatzeagatik edo, azken bost minutuetan fintasunez aritu ziren erasoan –Etxeberriaren grina nabarmendu zen– eta gutxienez markagailuko diferentzia bost golera murriztea lortu zuten.