Haritz LARRAÑAGA ALTUNA
DONOSTIA
Surf

Hurley Pro at Trestles 2017:brasildarrak nagusi Kalifornian

Filipe Toledo eta Silvana Lima lehiakide brasildarrak gailendu ziren Trestlesen. Olatu txikiak, itxaronaldi luzeak eta ikuskizun eskasa izan ziren nagusi Kalifornia hegoaldeko txapelketa ospetsuan. Orain, Jordy Smith eta Sally Fitzgibbons dira buru ranking orokorrean.

Ez da itsaski handiak izaten dituen kostaldea, baina olatu txikiak maite dituztenentzat leku zoragarria da Trestles, ezker-eskuin lehertzen diren olatu ederrak eskaintzen baititu. Aurten, ordea, haize leuna eta baldintza politak izan arren, olatuek ez zuten asko lagundu, gutxieneko altuera ozta-ozta gainditzen baitzuten uhinek.

Olatu on baten zain patxadaz itxaroteko prest zeuden lehiakideek sufritu egin behar izan zuten, olatualdi batetik bestera denbora asko igarotzen baitzen. Ikusleek uhin lerro baten zain zeuden bi surflari ikusten zituzten urautsian, eta soilik lantzean behin ikus zitezkeen lehiakideak olatu gainean surfean.

Ondorioz, ikusleentzat txapelketa aspergarria izan zen, baina brasildarrentzat emaitza onak lortzeko aukera paregabea zen, halako baldintzetan oso ongi moldatzen baitira. Hori dela-eta lehiakide zein jarraitzaile brasildarrak izan ziren txapelketari kolore apur bat eman zioten bakarrak.

Filipe Toledo

Bere aurkariek olatu handiagoak itxaroten zituzten bitartean, agertzen zen edozein olatu hartzen zuen brasildarrak; beraz, lehentasunik ez izan arren, zenbait olatu txikirekin puntu batzuk biltzeko aukera izan zuen. Estrategia horri esker garaitu zuen John John Florence hawaiiarra finalerdietan, eta horrela iritsi zen txapelketako azken txandara ere. Baina hori bakarrik ez; izan ere, hartutako olatuei sekulako etekina atera zien Toledok.

Finalean Jordy Smith hegoafrikarrarekin itsasoratu zen. Jordyk 1,90 metro neurtzen du; beraz, olaturik handienak hartzera behartua zegoen, eta ia txanda osoa iristen ez ziren olatuen zain pasatu zuen. Finalak iraun zuen artean olatu duin bakarra hartu ahal izan zuen Jordyk, eta finaleko puntuazio altuena jaso bazuen ere, ez zen nahikoa izan, bigarren olatua behar baitzuen, eta olatu hori ez zen etorri.

Toledok, ordea, garaiera eta pisu gutxiagorekin, olatu txikiagoetan bere abilezia erakutsi ahal izan zuen. Bazekien itxaronez gero olatu apur bat handiagoak hartu eta puntu gehiago bilduko zituela, baina Jordyk oso ongi atxikitzen zuen lehentasun arauei esker zuen lehenespena eta horren aurrean Toledok egin zezakeen gauza bakarra olatu txikiagoekin gehiago arriskatu eta ahalik eta puntu gehien biltzea zen. Horixe bera egin zuen brasildarrak, eta horri esker lortu zuen txapela.

Gauzak horrela, Toledok txapela irabazi zuen Trestlesen, eta bigarren geratutako Jordy Smith, ostera, ranking orokorrean lehen postura igo da. Mutilen rankingean ez da aldaketa handirik izan, baina lehen postuetako lehiakideek dituzten puntuen arteko aldea gero eta murritzagoa da.

Toledok zazpigarren postura igotzea lortu du eta, zirkuitua amaitzeko hiru txapelketaren faltan, aurtengo munduko titulua eskuratzeko gero eta aukera gehiago ditu, nahiz eta oraindik aukera gehien dituztenen artean ez egon. Zeren kontuan hartu behar da, batetik, ez dagoela lehen postuetan eta, bestetik, falta diren txapelketetan olatu bortitzak baldin badira bera baino aukera gehiago izango dutela beste lehiakide batzuek.

Silvana Lima

Nesken WCT rankingean postu oso apaletan ziren bi lehiakide iritsi ziren finalera Trestlesen; Silvana Lima brasildarra eta Keely Andrew australiarra. Mutilen finalean baino olatu hobeak izan ziren neskenean, eta ikuskizun polita eskaini zuten bi surflariek, baina bistakoa zen Lima bere aurkaria baino apur bat gorago zegoela. Sekulako indarra eta teknika erakutsiz olatuak hasieratik amaierara arte txikitu zituen brasildarrak.

Bai Lima bai Andrewri ezin hobeto etorri zaie Kalifornian eskuratu dituzten lehen eta bigarren postuak, baina oraindik ez dute ranking orokorrean postu trinkorik lortu.

Lima, bi urrats gora egin, eta 13. postuan da egun, eta Andrew, 11. postuan. Beraz, nesken munduko itzulia amaitzeko hiru txapelketa bakarrik falta direnean, aurtengo munduko titulua eskuratzeko aukera gutxi dute. Horregatik, munduko tituluak haientzat azken helburu izaten jarraituko duen arren, batez ere datorren urterako lehen mailako postuari eutsi beharko diote, zeren urte amaieran lehen hamar postuetako batean ez badaude bigarren mailara jaisteko arriskua izango dute.

Bestalde, nesken ranking orokorrean aldaketa esanguratsurik izan da. Tyler Wright australiarrak lidergoa galdu du eta hirugarren postura jaitsi da. Egun, Sally Fitzgibbons australiarra da buru, eta bigarren postuan, Courtney Conlogue estatubatuarrak jarraitzen dio. Hiru lehiakideak oso berdinduta daude, elkarren artean puntu gutxiko aldea dutela.

Atlantikoaren beste aldera

Udazkenarekin batera mundu mailako CT zirkuitua azken txanpan sartzen da eta lehen mailako lehiakideek Atlantikoa zeharkatuko dute Frantzian eta Portugalen lehiatzeko. Nesken kasuan, aurreneko geldialdia Portugalen izango da, irailaren 27tik urriaren 5era Cascaisen egingo den itzuliko zortzigarren txapelketan. Eta horren ostean, Hossegorren (Frantzia) izango dute itzuliko azken-aurreko lehiaketa, urriaren 7tik 18ra.

Mutilek alderantzizko bidea egingo dute. Lehendabizi Hossegorren izango dira, eta ondoren, aurtengo zirkuituko azken-aurreko txapelketa Penichen (Portugal) egingo dute, urriaren 20tik eta 31ra bitartean. Europako sasoia amaituta, urtero bezala, nesken zein mutilen lehen mailako zirkuitua abenduan amaituko da Hawaiiko urautsi ospetsuenetan.

Honi buruzko guztia: Surf