Andoni ARABAOLAZA
KARAKORUM

«Satisfaction!»-ek lortu duGasherbrum I-en leku berezia

Zdenek Hak eta Marek Holecek txekiarrek goi mailako bide teknikoa zabaldu dute zortzimilakoaren hego-mendebaldeko aurpegian.3.000 metro luze da eta honako zailtasuna du: ED+, M7, WI5+ eta 70º. Holecekek bost saio behar izan ditu xede hori biribiltzeko.

Kemena eta erabakitasun handia. Hori, bederen, Marek Holeceki ezin zaio ukatu. 2009. urtean Gasherbrum I mendiaren (8.080 m) hego-mendebaldeko aurpegian hasitako “erasoak” amaiera biribila izan du. Guztira, bost saio edo bidaia behar izan ditu, baina arestian aipatu dugun adoreari esker gai izan da Karakorumeko erraldoi horretan bide berria zabaltzeko.

Inolako zalantzarik gabe, zortzimilakoetan egiten diren jardueren artean, Holecekek Zdenek Hakekin batera egin duena azken urteotako berririk aipagarriena da. Bi txekiar hauek, estilo alpinoan, goi mailako bide tekniko eta gogorra zabaldu dute; garaieran dauden arrokazko bi murruri egin behar izan zieten aurre. Bideak “Satisfaction!” izena du, 3.000 metro luze da eta honako zailtasuna du: ED+, M7, WI5+, 70°.

Holecek izan da, beraz, xede honen bultzatzaile nagusia. 2009. urtean egin zuen lehen saioa, eta, lasai asko esan behar dugu, ia ekinaldi guztiek onetik baino txarretik izan dutela. Horrekin esan nahi dugu protagonista honek ekinaldi ia guztietan esperientzia oso gogorrak bizi izan dituela. 2013koan, adibidez, Zdenek Hruby zendu zen. Eta 2015. urtean zein iazkoan, muturreko egoerak jasan zituen; besteak beste, izozte larriak. Zorionez, uztailaren 25etik 30ra bitartean Hakekin egindako igoerak amaiera ederra izan du.

Holecekek 43 urte ditu, eta garaiera handian egiten den alpinismoan maila bikaina du. Hak, berriz, sei urte gazteagoa da, eta zortzimilako batean lehen esperientzia izan du. Iaz, adibidez, aukera izan zuen Noshaq mendia (7.492 m, Afganistango mendi garaiena) igotzeko. Azken honek baieztatu duenez, ez zuten ia elkar ezagutzen: «Marekekin ez dut ia inoiz eskalatu; arratsalde batean eskaladako hiru bide motz baino ez ditugu egin. Nahiz eta garaiera handiko mendietan eskarmentu eskasa dudan, dudan denbora ia gehiena Alpeetan pasatzen dut gidari lanetan. Denbora librea dudanean, eskalada alpinoetan jo eta su jarduten dut; azkar eskalatzea gustuko dut. Marekek bere xedean parte hartzera gonbidatu ninduen. Jakin banekien aurreko saioetan asko sufritu zuela eta muturreko uneak bizi izan zituela. Alabaina, eskaintza horrekin oso emozionatuta nengoen, eta baiezko erantzuna eman nion».

Holecekek, berriz, hau adierazi du bere sokakideari buruz: «Tipo apala da. Eskaladan indartsua da, eta azken espedizio honek arrakasta izan zezan aukera ona zela uste dut. Bidearen baldintzak ez ziren batere egokiak, baina, hala ere, Zdenek eta biok gai izan gara baldintza ezkor horiek gainditzeko».

Gasherbrum I mendiaren hego-mendebaldeko aurpegiaren erdiko sekzioak duela hiru hamarkada zortzimilakoetan historia egin dutenen begiradak jaso zituen. Andrej Stremfelj eta Nejc Zaplotnik esloveniarrek hego-mendebaldeko aurpegia erabili zuten hego-mendebaldeko ertzean sartu eta bide berria zabaltzeko. 1977. urtea zen. Sei urte geroago, Jerzy Kukuczka eta Wojciech Kurtyka poloniarrek aurpegi horren benetako lehen igoera erdietsi zuten; nahiz eta amaieran 1958ko ohiko marratik jarraitu zuten. Valery Babanov eta Victor Afanasieffek (2008) ere horma horretan bide berria sortu zuten, baina askoz ere ezkerralderago. Igoera zuzenena, beraz, oraindik zintzilik zegoen, baina lerrootako protagonistok 3.000 metro desnibel duen igoera hori egiteko ohorea izan dute. Gainera, hori guztia gutxi izango balitz, txekiarrok estilo alpinoan igo dute.

Igoera zaila

“Satisfaction!” zabaldu ahal izateko, bi alpinistok sei eguneko jarduera gogorra egin behar izan zuten. Uztailaren 25ean hasi ziren eta hilabete horren azken egunean iritsi ziren tontorrera. Sei egun, beraz, zintzilik zegoen xede hori askatzeko. Jaitsiera, bestalde, egun eta erdikoa izan zen, baina baldintza txarretan.

Era batera edo bestera esanda, “Satisfaction!” 2009. urtean hasi zen forma hartzen. Urte horretan Hruby eta Holecek 7.500 metrora heldu ziren. 2013. urteko espedizioan Hruby zendu zen, korridore batetik 1.000 metroko erorikoa izanda. Gainera, tresneria ia guztia berarekin eraman zuen. Holecekek muturreko jaitsiera egin zuen, baina bizirik atera zen.

Handik bi urtera bigarren saioa egin zuen, Tomas Petrecekekin. 7.400 metrora arte iritsi ziren; eguraldi gaiztoa eta elur oldeak zirela medio, jaitsiera oso arriskutsua egin zuten. Hurrengo urtean Ondrej Mandula izan zuen sokakide, eta paretari beste 300 metro kendu zizkioten. 7.500 metroko garaieran 8 egunez blokeatuta egon ziren. Beste jaitsiera gaizto batengatik Holecekek oinetan izozteak jasan zituen. Horietatik guztietatik osatzeko 6 hilabete behar izan zituen. Eta aipatu dugun bezala, bosgarrenean, Hak eta Holecekek “Satisfaction!” bidetik gailurra lortu dute. Saria lortzeko sei eguneko eskalada zaila egin behar izan zuten.

Protagonistok, alabaina, ezustea izan zuten; izan ere, kanpaleku nagusian espedizio ukrainar batekin egin zuten topo. Horiek ere helburu bera zuten, baina txekiarrek aurrera jarraitu zuten. Ukrainarrek, berriz, atzera egin zuten, espediziokide bat gaixorik zegoelako.

Aipatu dugun bezala, alpinista txekiarrek uztailaren 25ean egin zuten lehen urratsa. Lehenbiziko egunean, elurte batek harrapatuta, 6.800 metrora heldu ziren. Biharamunean, 7.400 metrora zeuden, lehenbiziko mistoko tarteak gainditu ondoren. Hurrengo helburua 7.900 metroko kotara iristea zen, baina hormaren headwalla gainditzeak hiru egun eskatu zizkien; gogorrak baino gogorragoak. 7.700 metrora dagoen arrokazko sekziora heltzeko, elur sakonean ibili eta baldintza txarrak zituen izotzezko tarteak gainditu behar izan zituzten.

Arrokazko murru hori igo ondoren, mistoko beste tarte gogor bat eskalatu behar izan zuten. 7.880 metrora zeudela, harkaitzezko beste irtengune batzuk igo zituzten. Eta tontorrarekin amesten ari zirela, espero ez zuten beste bibak bat egin zuten; hain zuzen ere, gailurretik 40 metrora. Uztailaren 30ean, tontorra zapaltzea lortu zuten. Guztira, beraz, sei bibak egin eta 7.400 eta 7.800 metro artean lau egun igaro zituzten. Jaitsiera, elur sakonean, egun eta erdian egin zuten.

Hormaren headwallean igarotako egunei buruz hau adierazi du Holecekek: «Zdenek eta biok egundoko lana egin genuen. 7.700 metrora dagoen arrokazko tartea gainditzeko gai izan ginen, eta gailurrera heltzeko egundoko eginahala egin genuen. Elur geruza solte zegoen eta arroka erabat ustelduta; konbinazio beldurgarria izan zen! Nahiz eta garaieran egon, sekzio batzuetan eskularruak kentzen genituen helduleku egokienak bilatu ahal izateko. Zailtasun teknikoari dagokionez, M7 eta WI5+ gainditu ditugu. Baina beldurgarriena arrokaren kalitate txarra zen, eta horrekin batera elur geruzak solte zeudela. Heldulekuen garbiketa oso aleatorioa izan zen, eta horrek ez zuen batere segurua egin gure eskaladaren garapena».