Amalur ARTOLA
DONOSTIA

Ura eta olioa uztartzeko artea

Erleak eta urpekaritza. Grafitoa eta olioa. Itsas hondoa eta Prada-ren diseinuak. Itxuraz lotura handirik ez duten elementuak harilkatuta sortzen ditu Gabriela Muñagorri donostiarrak bere artelanak. Datorren urriaren 21era arte, helduleku horretatik sortu dituen hogei artelan jarri ditu ikusgai Donostiako Ekain galerian. Baita, oihal diseinatzaile ere baden aldetik, arlo horretan egin duen lana oinarri hartuta osatu duen artelan bat ere.

Ur azpiko mundu batera sartzen da bisitaria Ekain galeriako eskailerak jaisteaz batera. Igerilarien mundura. Gabriela Muñagorriren azken sorkuntzetara. «Gustatu egiten zait igeriketa eta, aldi berean, gai unibertsala eta figuratiboa da, munduko edozein bazterretan identifikagarria», azaldu du artista eta diseinatzaile donostiarrak.

Muñagorrik aspaldi hasi zuen bere arte ibilbidea. Arte Ederrak ikasi zituen lehenik eta, hainbat jardunen ostean, Bartzelonan bost urte eman zituen Felicidad Duce Goi Mailako Diseinu Eskolan irakasle. Euskal Herrira itzulita, oihalen diseinuan sartu zen bete-betean; aurrerago, diseinu horiek altzarigintzan eta moda osagarrietan aplikatzen hasi zen. «Eta gaur egun, batez ere modan egiten dut lan», zehaztu du, Esaterako, bere lanak ikusi eta eros daitezke Getariako Balenciaga museoan.

Donostiako Ekain galeriara, baina, bestelako artelan batzuek eraman dute: margolanek. “Surface” izendatu duen erakusketan, oihal eta paperarekiko duen pasioa agertu nahi izan du: «Profesionalki estanpatuen munduan ari denari ingelesez pattern designer esaten zaio, eta emaitzari surface design. Diseinu hori edozein gainazaletan aplika daiteke. Niri izugarri gustatzen zait paper eta oihalekin lan egitea, batez ere zetarekin, satinarekin», azaldu du. Gainazal horien gainera isurtzen du Muñagorrik bere sormena, kasu honetan igeriketaren mundua oinarri hartuta garatutakoa: «Kontraesana da nire lana azal dezakeen ideia nagusia. Hasieratik eduki dut bulkada hori; kontraesankorrak diren material eta motiboak elkartzea gustatzen zait», azaldu du. Eta, hala, Ekain galerian zintzilikatu dituen obretan erleen alboan igerian dabiltzan giza figurak edota diseinatzaile sonatuen jantziak ikus daitezke. Bost marrazkiko sail bat kasu: «Egin dudana da uretara jauzi egitera doan igerilari baten irudia aukeratu eta moda diseinatzaile ezagunen 2015eko estilismoekin jantzi», azaldu du, Yohji Yamamoto, Dries Van Noten eta Pradaren diseinuak daramatzaten igerilarien margoak erakutsiz.

Bost marrazkiko sail hori da erakusketan ikus daitekeen obra zaharrena. Azkenak, orain bi aste eginak, 1950eko hamarkadan urpeko pelikulak egiten zituen Esther Williams antzezlea du protagonista. «Hollywooden egiten zituen pelikulak. Musikalak ziren, baina igerilekuetan eta itsas azpian egiten zituen. Eta koloreztatuak zeuden. Estetikoki gustatu egiten zait estetika kitsch hori eta horrek dakarren guztia», nabarmendu du Muñagorrik.

Orain dela bi urteko eta orain dela bi asteko lanen erdian, marrazki ezberdinez osatutako murala paratu du. Kasu honetan, egileak teknika ezberdinak erabiliz aurkitu du kontrasterako bidea. «Hemen teknika mistoekin egin dut lan, arkatzarekin, akuarelarekin eta olio-barrekin, plano ezberdinak dauden efektua sortzeko. Azkenean, collage moduko zerbaitetan bihurtzen dira». Irudietan erakusketa bateratzen duen igerilariaren irudia ikus daiteke, grafitoaz irudikatutako arroken artean, baina baita katamotz iberiarra ere. Muraleko beste zati batzuetan, arrokak grafitoz marraztu beharrean Donostiako Zurriola hondartzan hartutako argazkien collageak erabilita osatu ditu Muñagorrik.

Erakusketako pieza bereziena –bakarra izanagatik– zurezko barra batetik zintzilik ageri den oihala da. «Hauek dira diseinatu ditudan azkenak», azaldu du. Estanpatuan, pieza guztien iturburu den igerilaria da protagonista nagusia: «Batzuetan hasten naiz oihalen diseinuarekin eta gero marrazkira pasatzen dut, eta besteetan alderantziz gertatzen zait. Biak lotu egiten dira nolabait».

“Surface” urriaren 21a arte egongo da ikusgai Donostiako Ekain galerian eta artistak gidatutako bisitaldiak ere egingo dira. Horien berri eta artistaren gaineko informazioa, www.ekainartelanak.com eta www.gabrielamunagorri.com orrialdeetan.