GARA
BILBO

ELAko emakume militanteen mobilizazioa egingo dute Gasteizen, Bizkaiko zahar-etxeen gatazka babesteko

Biharko ekitaldi berezi bat antolatu dutela jakinarazi zuen ELA sindikatuak, atzo, Bilbon emandako prentsa agerraldian. Zehazki, sindikatuko emakume militanteak Gasteizen elkartuko dira, Bizkaiko zahar-etxeetako langileen gatazka babestu eta ezagutarazteko. Berrikuntza nabarmen gisa, mobilizazioa Bizkaitik atera eta Arabako hiriburura eramango dute eta Eusko Legebiltzarraren aurrean batuko dira bihar.

«Gatazka honek dituen genero osagaiak eta irakurketa feminista indartzeko» antolatu dute emakumeen manifestazioa eta, bide batez, emakumeen arteko elkartasuna indartzeko. «Andreok gure behar eta interes propioak definitu eta defendatzeko gai garela irudikatu nahi dugu», esan du sindikatuak, eta horregatik emakume guztiei irekita egongo da eta mugimendu feministaren babesa izango du.

Bizkaiko zahar-etxeetako langileak 300 egunetik gora daramate greban eta nekaturik egon arren, borrokari eutsiko diote: «Argi dugu arrazoia geure alde dagoela, eta ez dugu etsiko gure aldarrikapenak gauzatu arte».

Sektoreko 5.000 langileentzako lan-hitzarmena bermatzea nahi dute; astean 35 orduko lanaldiak, 1.200 euroko soldata eta langile gehiago kontratatzea eskatzen dute. Irailaren hasieran beste atzerapauso bat eman zela gaineratu dute, Bizkaiko Aldundiak hirugarren urtez eta gutxienez 2018ra arte plazen prezioa itunpeko agirietan izozteko proposamena luzatu baitzien. «Indartu egiten du patronalek inposatzen duten blokeoa eta oztopatu egiten du akordiora iristea», argitu zuten.