GARA
DONOSTIA

Senideen azken istripua gaitzesteko, kalera

Etxeratek elkarretaratzera deitu du Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan, euskal presoen senideen azken istripua gaitzesteko. Aurtengo zortzigarrena da eta joan den larunbatean jazo zen: Asier Garcia Justoren neska-laguna Badajozeko espetxera bidean zihoala, Ruta de la Platako 400. kilometroan bi erreien artean ibilgailu bat azaldu eta bere autoaren kontra etorri zitzaion. Gerrialde eta lepoaldeko nerbio-estutzea, eskuineko besoan giharretako fisura eta saihetsetan kolpe gogor bat ditu.

Senideen elkarteak jakinarazi zuenez, aurrena Bejarreko ospitalera eraman zuten eta, jarraian, Urdulizekora. Hala, bisitarik egin ahal izan gabe gelditu zen.

«Dispertsio politikaren ondorio» den ezbehar hau salatzeko mobilizazioa egin zuten atzo Iruñean, 20.00etan, PPren egoitzaren aitzinean.

Gaurko, Bilbon deitu du elkarretaratzea Etxeratek, 19.00etan Arriaga parean. Biharko hitzorduak Donostian (19.00etan, udaletxean) eta Gasteizen (19.30ean, Andre Maria Zuriaren plazan) izango dira.

Bestalde, elkarteak azaldu zuen bertako ordezkari batzuk Norvegian eta Finlandian daudela egunotan, alderdi politikoekin eta giza eskubideen aldeko elkarteekin biltzeko eta, besteak beste, presoen sakabanaketaren berri emateko.