GARA
IRUÑEA

Bertsolaritza kultur intereseko ondasun izendatuko du Nafarroak

Ondare immaterial gisa, babes mailarik gorena jasoko du bertsolaritzak Nafarroan. Bertako Bertsozale Elkarteak egin du eskaera eta tramiteak abiatuko ditu Gobernuak. EAEn ez dauka antzekorik.

Nafarroako Gobernuak bidea ireki du bertsolaritza Kultura Intereseko Ondasun izendatua izan dadin, ondare immaterial gisara. Modu horretara, Nafarroako Kultura Ondareari buruzko Foru Legean adierazitako babes maila gorena jasoko du bertsolaritzak. Hala, egun Lantzeko inauteriek, Ituren eta Zubietako inauteriek, Hiru Behien Zergak, Luzaideko Bolantek eta Cortesko makil dantzak osatzen duten zerrendara gehituko da bertsolaritza. 

Nafarroako Bertsozale Elkarteak urte hasieran egin zuen izendapenerako eskaera, bertsolaritzak herrialdean izan duen eta duen presentziari buruzko informazio aurkeztuz. Txosten horretan, bertsolaritzaren alderdi historiko eta etnografikoak, errotze maila eta komunitateen parte-hartzea, bilakaera eta transmisio moduak ere azaldu zituen elkarteak.

Espedientea, gainera, Nafarroako Kultura Ondare Immaterialaren Artxiboko zuzendari tekniko eta etnolinguista den Alfredo Asiain Ansorenaren txosten batekin osatu da.

Nafarroako Gobernuak izendapenaren berri emateko kaleratutako oharraren arabera, «Nafarroan ongien gorde den eta azpimarragarriena den errepentismoa» da bertsolaritza. Orain, izendapenaren bitartez, berau babesteko neurriak jarriko ditu martxan administrazioak, bertsolaritzaren «fosilizazioa, autonomia galera eta lehiaketa eta ikuskizun testuinguruen gehiegizko nagusitasuna» saihesteko. 

Jendaurreko argibideak eta Nafarroako Kultura Kontseiluak prestaturiko txostenaren tramiteak bukatutakoan sartuko da indarrean neurria, udazken honetan bertan.