Patxi GAZTELUMENDI

EUSKAL HERRIKO KOMIKIETAN MURGILTZEKO AUKERA DAGO BILBON

«Euskal komikia. 1975-2017» erakusketa ikusgai dago Bilbon, Bizkaiko Foru Liburutegian. Urriaren 28ra bitartean, hitzaldiekin, komiki tailerrarekin eta erakusketarekin batera eskuragarri jarri duten katalogoak bat baino gehiago irentsiko du marrazki, istorio eta bilduma grafikoen munduan.

Haurtzaroa, gaztaroa eta igarotako sasoiak gogoratuko ditu ikusleak erakusketan barneratzean. Kike Infame eta Mikel Begoña komikizaleek atondutako komiki erakusketan 1975. urtetik Euskal Herrian egon diren aldizkari, argitaletxe, fanzine eta bilduma guztiei errepasoa egin diete. Historia osoa batu dute ia 150 orrialdeko katalogoan eta komikizaleen begira jarri dituzte publikazio guztiak. Beraien laguntzarekin murgildu gara gu ere irudiaren munduan, istorioak irakurri, originalak ikusi eta historiari sekulako errepasoa eman diogu zirt-zart batean.

Euskal prentsa eta umore grafikoa

Aurten betetzen dira 40 urte “Egin” egunkaria sortu zela. 1977ko irailean “Egin” egunkariarekin batera Antton Olariagak Zakilixut asmatu zuen eta denbora gutxian oso ezaguna bilakatu zen euskal irakurleen artean. “Egin” egunkarian aritu ostean, “Euskaldunon Egunkaria”-n marrazteari ekin zion Olariagak, eta 2003an hau indarrez itxi ostean, egun “Berria”-n jarraitzen du Zakilixut pertsonaiak. Komikia eta euskal marrazkigintzaren historian pertsonaia klabea da Antton Olariaga, eta Euskal Herrian egon diren proiektu asko eta askoren aldamenean aurkituko dugu.

Zakilixuten irudiaren ondotik pasatzean, murgildu gara gu ere erakusketan. Ondoren kontatu beharrekoa, ikusitakoaren isla bat da. Irakurritakoaren zertzelada batzuk. Entzundakoaren oihartzuna. Begiekin ez ezik, zentzu guztiekin murgildu beharra dago erakusketan. Ateratzerakoan, liburu denda batera joan edota etxean ditugun komikiei astinaldi bat emateko moduan. Komiki erakusketan 70eko hamarkadako irudi eta marrazkiak, argitaratutako aldizkariak eta tira grafikoak ikus daitezke, orduko “Zeruko Argia”, “Anaitasuna”, “Punto y Hora” aldizkarietatik berreskuratutakoak. Umeentzako eta euskararen berreskurapenari garrantzi berezia emanez “Kili Kili” eta “Ipurbeltz” aldizkariak sortu ziren. Erakusketako katalogoan irakur daitekeenez, “Ipurbeltz” aldizkariak 362 zenbaki plazaratu ostean utzi zion argitaratzeari 2008. urtean. Belaunaldi oso baten bidelagun izan zen “Ipurbeltz” ikastola eta eskoletan.

«Tmeo»-k 30 urte

80ko hamarkadan sortutako fanzineen eztandak izan zuen ondoriorik hauek desagertzerakoan. Geratzen ziren hondarrekin, “Tmeo” aldizkaria sortu zuten Gasteiz eta Iruñea artean. “Tmeo” aldizkariaren lehen zenbakia 1987an plazaratu zuten, eta aurten bete ditu 30 urte Mauro Entrialgo, Simonides, Orue eta beste marrazkilari askoren topaleku eta umorerako habia den “Tmeo”-k. Euskal Herriko taberna, liburu denda eta bestelako tokietan maiztasunez aurkitu daitekeen komikia da, koloretan eta noizean behin bilduma bereziak plazaratzen dituena. 30 urteotan izan da pertsonaia berezi bat, aldizkariz aldizkari bere lekua izan duena: Herminio Bolaextra. “Tmeo” aldizkaritik, bilduma berezietan eta antzokietan ere bere lekua okupatu duena. Umoreak oraindik sortzen jarraitzen du.

«Napartheid» gogoan

1988. urtean, «Vascuencearen legearen» kontrako manifestazio batean plazaratu zen lehen aldiz, “Soweto? Euskal Herria baino hobeto” goiburuarekin “Napartheid” komiki aldizkaria. Asisko Urmeneta, Mattin, Pernan Goñi, Keawe, Jokin Larrea, Marko Armspach, Exprai, Peli, Patxi Huarte Zaldieroa eta beste komikilari ugari batu zituen. Euskaraz plazaratutako komiki fanzinea izan zen, eta Negu Gorriak taldearen kantuak are eta ezagunagoa egin zuen Iruñean sortutako proiektua. 2000. urteko udazkenean utzi zioten argitaratzeari. Eta gerora artista bakoitzak bere bide oparo eta emankorra egin zuen. Gaur egun gurean ezagunak diren artista asko eta askoren abiapuntua izan zen “Napartheid”.

Marrazkilariak gainera, musika taldeen kolaboratzaile ere bilakatu ziren. Bilboko komiki erakusketan ikus dezakegunez, disko askotako diseinuak burutu zituzten. La Polla Records taldearen “No somos nada” diskoa, Hertzainak taldearen lehen diskoa, Cicatriz, Potato edo beste talde askoren diseinuan komikilarien marrazki eta koloreak nabarmentzen dira. Gasteiz inguruan mugitzen ziren taldeen artean ohikoa zen kolaborazio mota hori. Iruñean Gor diskoetxeak plazaratutako disko batzuetan ere ikusiko ditugu euskal marrazkilarien lanak: Huajaloteak edo Balerdi Balerdiren diskoetan bereziki.

Nobela grafikoaren mendea

XXI. mendearekin batera, komikigintza garatzeko espazio berrien bila aritu ziren autoreak. Gurean ere bi fenomeno oso garrantzitsu izan dira. Euskarazko argitalpen iraunkorra sortu eta garatu da: “Xabiroi”. Eta Bilbon arrakasta handiko argitaletxearen sorrera ikusi genuen 2001. urtean, Astiberri. Horrela bederatzigarren artearen hiriburu bilakatu da Bilbo, eta nazioartean sona lortu duen argitaletxearekin jarraitzen dute Fernando Tarancon eta bere bazkideek. Tarancon izan zen Santutxutik Bilbo erdigunera Joker komiki denda eroan zuena, eta gero eta komunitate komikizale handiagoa eratzen ari da liburu denda honen inguruan.

Euskarazko komikigintzak topagune aparta du “Xabiroi”-n, 2005ean Dani Fanok bultzatutako ekimena Ikastolen Elkartearen sostenguarekin gauzatzen da. 2005. urtetik maiztasun finkoarekin kaleratu eta kolaboratzaile sare sendoa eratu du Dani Fanok “Xabiroi” aldizkariaren inguruan. Marrazkilariez gain, gidoigile lanetan ari dira euskal idazle asko –Harkaitz Cano, Iban Zaldua, Eider Rodriguez, Patxi Zubizarreta, Pako Aristi edota Katixa Agirre ari dira egun– eta horrek ere sendotasuna eta bisibilitatea eman dio proiektuari.

Mikel Begoña komisario eta komikizaleak nabarmendu duenez, proiektu editorial indartsuak ere badira euskarazko komikigintzaren alorrean. «Nik Txalaparta argitaletxeak egin duen apustua nabarmenduko nuke, oso liburu interesgarriak plazaratzeko apustua egin du, eta edizio politak ari da argitaratzen», dio Begoñak. Bereziki atsegin du “Habiak” lana, Maite Gurrutxagaren nobela grafikoa, Dejabu Panpin Laborategiaren antzezlanean oinarritua. Alain Urrutia eta Hedoi Etxartek 2009. urtean “Ihes ederra” nobela grafikoa plazaratu zuten Alberdaniarekin. Berriki Fermin Muguruzak “Black is Beltza” komikia hizkuntza ezberdinetan argitaratu eta erakusketa bat jarri zuen Bilbon ikusgai. Orain arte euskarazko lan batek izan duen arrakasta handiena izango zuen ziurrenik, «aparteko fenomenoa izan da Fermin Muguruzarena» Mikel Begoñaren hitzetan, eta musikariaren eragina nabarmena izan dela ezin da ukatu. Lan hauek guztiek beren lekua daukate Bilboko erakusketan. 70eko hamarkadako irudi eta koloreekin hasi eta gaur egungo nobela grafikoak irakurtzen bukatu dugu.

Kike Infamek kontatu digunez, Rober Garay marrazkilariak egunkarian «Se buscan dibujantes» iragarkia ikusi ostean ezagutu zituen Alex de la Iglesia eta Jose Ibarrola. Bilbon sortzen ari ziren komiki proiektuetan murgildu ziren. 80ko eta 90eko hamarkadatan komiki aldizkariak, erakusketak eta proiektu ugari bideratu zituzten. Erakusketan zati garrantzitsua okupatzen du Bilboko giroak. Hasierako urte horien ostean nork bere bideari ekin zion, batzuk zinemaren ingurukoak, eta Rober Garayk marrazten jarraitu zuen. Kike Infamek garrantzi berezia ematen dio Garayk sortutako “Agroskate” izendurari. «Skate mundua, baserri giroa eta musika uztartzen asmatu zuen Urdaibai inguruan, festibalak, argitalpenak eta bestelakoak sortuz». Erreferentziatzat du Infamek Rober Garay: «Beti izan da bere inguruan giro berezia sortzen jakin izan duen artista, gaur egun ere basoak margotzen ari da, lehenago komikia eta espeleologia batu zituen, itsasontzien pieza eta zatiekin Bilbon komiki erakusketa bat muntatu zuen».

Euskarazko komikigintza gertutik jarraitzen du Mikel Begoñak. Inoiz ikusi gabeko arrakasta izan du “Black is Beltza” proiektuak eta horren arrazoiak ulertzen eta azaltzen saiatu da. «2014an jakin genuen ‘Black is Beltza’ sortu zela, guk normalean aurretik jakiten dugu proiektu bat plazaratuko dela, baina hau ezberdina izan zen», aitortzen du Begoñak. «Modu apalagoan mugitzen gara komiki munduan, baina Fermin Muguruzak jakin izan du eragiten, Harkaitz Cano eta Alderete zituen ondoan, eta oso obra ederra egin zuen». «‘Black is Beltza’ bederatzigarren artea beste arlo batzuekin uztartzearen emaitza da», Mikel Begoñaren aburuz. Bang argitaletxearekin plazaratutako liburua Euskal Herrian ez ezik, gure mugetatik kanpo ere plazaratu da, eta hainbat edizio egin eta saldu dira dagoeneko. Datorren urteko Zinemaldian “Black is Beltza” pantaila handian ikusteko aukera izango dugu.