Aitziber Pz. KARKAMO
Kazetaria

«Cuéntame»- rako irudiak

Kontu serioa ez balitz, esango nuke Katalunian jazotzen ari denaren irudiak “Cuéntame” telesailarako aprobetxatu litzazkeela TVEk. Guardia Zibila inprentetan sartzen, informazioak isilarazteko aginduak hedabideetara iristen, kartelen konfiskatzea, ehunka udal-ordezkari epaitegietara deitzea... Horrelakoak sarri bizi omen dituzte alcantararrek euren 80ko hamarkadako istorioetan. Hori bai, ez dakit nola kokatuko luketen hitzaldiak etetera polizia bidaltzen duen EAJko alkate bat, horrelakorik telesail horretan ez baita gertatzen; bai, ordea, 2017ko Gasteizen.

Zoritxarrez, hau ez da txantxetarako kontua, Katalunia ez da dekoratu bat eta Espainiako Gobernuak darabilen estrategiak asko gogorarazten dizkigu gurean urteetan bizi izandako oinarrizko eskubideen urraketa eta demokraziaren muga guztien gainditzea.

Europako alderdi politikorik korruptoena izatea ez zen arrazoi nahikoa izan EAJk Rajoyren Gobernuari babesik ez emateko eta orain, Bilbora ordezkaritza bidali arren, justiziaren izenean basakeriak egiten ari den Gobernuari babesa kentzeko arrazoi nahikorik ez dute. Milaka herritarren ehunka ordezkari epaitegietara bidali nahi dituen Gobernuari babesa ematen jarraituko dute, Altsasuko gazteak jada 300 egunez preso egotea ahalbidetzen duen Gobernuari babesa emanez.