Maider IANTZI
ASCATASUNERA ASTEA HASI DA INTXAURRONDON

EUSKAL GEHIENGO SOZIALA OSATZEKO DEIA

EGUNAREN GISAKOA IZAN ZEN KATALUNIA BABESTEKO ASCATASUNERA ASTEAREN ABIATZEA ERE: BEROA. ERASOAK ERASO, ANCKO IDAZKARI NAGUSIAK EZ ZUEN HUTSIK EGIN DONOSTIAKO HITZORDURA, GARRANTZITSUA DELAKO BERARENTZAT URRATZEN ARI DIREN OINARRIZKO ESKUBIDEEN TESTIGANTZA EMATEA BETI «ITSASARGITZAT» IZAN DUEN HERRIAN.

«In-inde-independència» kantu artean goititu zen Hadar Ayxandri Intxaurrondoko Sagastieder plazako oholtzara, AsCATasunera Astearen hasierako ekitaldian. «Independentzia» aldarrikatuz erantzun zien karpa bete zuten lagunei, aitortuz hori izan zela txikitan ikasi zuen lehendabiziko borroka oihua. Kontatu zuen atzo goizean Euskal Herrira etortzeko trena hartu eta segituan hasi zela «mambo»-a. Berarekin batera gonbidatua zegoen Jordi Gasenik (ERC) kale egin zuen, bere herrian egoteko. Baina Ayxandrik ez, eta aunitz eskertu zuen jendeak.

«Euskal herritarrei laguntza eskatu nahi dizuet. Eta horretarako erarik onena zuen gehiengo soziala eraikitzea da». Leziorik emateko inongo asmorik gabe, umiltasunez, baina dei hori egin zuen. «Ezin da aldi berean PPrekin eta Kataluniarekin egon» erantsi zuen, eta bildutakoak segituan hasi ziren «PNV español» oihuka. «Horrela, horrela, gehiengo soziala eraikitzen...», atera zitzaion katalanari. «Erran beharra nuen. Katalunian ere elkar maite ez duen jendea elkartu da, iritzi desberdinekoa, hautetsontziak defendatzeko. Irabazi nahi duzue? Erabakitzeko baldintzak sortu nahi dituzue? Hori da bidea».

Bere aitzinetik, EH Bilduko Pello Urizarrek txalo bero bat eskatu zuen «guretzat eredugarria den herriarentzat. «Herri batek baturik aurrera egiten duenean, ez dago oztoporik geldituko duenik. Gu, Euskal Herrian, zer egiteko prest gaude urriaren 1etik aurrera? Irekiko den atea aprobetxatuko dugu ala ez?». Galdera airean utzi zuen.

Urizar eta Ayxandri bat etorri ziren baieztapen batean: «Zenbat aldiz entzun izan dugu aukera politiko guztiak zilegi direla eta bukaeraraino eraman daitezkeela betiere bidea baketsua bada... Aspaldi genekien gezur hutsa zela. Baina gaurkoa beste adibide bat da». Kataluniakoa herri oso baten prozesua dela eta bertan euskaldunon oinarrizko eskubideak ere jokatzen ari direla azpimarratu zuten biek, baita Estatu espainolari kostako zaiola ere munduari bere erantzun bortitza azaltzea.