Alfontso DIEZ

Neskak eta pala, Deban

2012an jaio zen ekimena da Debako Nesken Pala Txapelketa; horrenbestez, aurtengo udazkenean jokatuko dutena seigarren edizioa da. Hala ere, hirugarrena da Maite Etxeberria izenarekin ere ezagutzen denetik, 2015eko udan auto istripuan zendutako palakide debarrari omenaldi gisara.

Bihar jarriko dute martxan 2017ko edizioa, Aldats pilotalekuan ohikoa denez, eta antolatzaileek jakinarazi dute 25 bikotek eman dutela izena (iaz baino bost gehiagok, alegia). Horietatik 15 Debakoak dira eta gainerakoak inguruko herrietakoak: lau Elgoibarkoak, bost Mutrikukoak eta beste bat Zarauzkoa. Urtez urte hazten ari den ekimena da, bai parte-hartzaile kopuruari dagokionez eta bai bikoteen jatorriari edota adinari erreparatuta.

Izan ere, duela sei urte txapelketa sortu zutenean finkatutako helburu nagusiak bere horretan jarraitzen du: adin guztietako emakumezkoen artean, eta batez ere gazteenen artean, pilotarako zaletasuna piztea.

Abenduaren 16an amaituko da lehia, finalarekin. Ordura arte, bihar bertan hasita, partidak asteazken arratsaldetan (18.30etik aurrera) eta igande goizetan jokatuko dituzte.