Jon GARMENDIA
EUSKAL HERRIKO BERTSOLARI TXAPELKETA

ALAIA MARTINEK BELAR MOZTU BERRIAN AURRERA JARRAITUKO DU BIDEAN

FINALAURREKOETARA SARTZEKO URRATSA SENDO EMAN ZUEN ATZO BAIGORRIN ALAIA MARTINEK. EZKER PARETA MUKURU BETE ZEN BERTSOLARI TXAPELKETA NAGUSIKO ESTREINAKO SAIO EDERREAN. BARAKALDORA BIDEAN DA BERTSOAREN MUNDIALA. 

«Babes osoa Etxauziari amets handi ta euskaldun/ Katalunian gisan guztia posible dela demagun/ lagunei mila eta bat esker nire bihotzaren garun/ zuentzat ere eskerrik asko muxu bana ezezagun/ izan dadila busti ta heze hain zabal ta hain xarmadun/ belarra moztu berria dago bidean jarrai dezagun». Hala kantatu zuen atzo garaile izan zen Alaia Martinek azken agurra. Bidea Baigorrin hasi da, lau urtez bertsozaleak zain egon ostean bertsoaren mundiala abian da, atzoko distiraz Barakaldora ailegatzeko desiraz. Xumai Murua Lapurdi, Nafarroa Behere eta Zuberoako bertso elkartearen lehendakariak «ohore gisa» hartu zuen estreinakoa Euskal Herriko ipar-ekialdeko lurrotan izatea: «Gainera, naturaltasun osoz egin da, eta hemengo herrialde bakoitzak saio bat izanen du aurten. Omenaldi bikaina da, are bertso eskoletan eta ikastoletan bertsoa lantzen ari diren belaunaldi berriak kontuan hartuz». 600 lagunetik gora bildu ziren Baigorriko ezker paretan.

Saio bizi eta ederra osatu zuten sei bertsolariek, eta zaleek gozatua hartu zuten. Lasaitasunez aritu ziren kantuan seiak ala seiak, eta ez zen lehiak ohiko duen urduritasunaren zantzurik agertu.

Zortziko handian Alaia Martin fin aritu zen. Beñat Ugartetxearekin batera bete zuen ofizioa, elkarren lagunak ziren eta haien lagun bat beti borrokan aritzen zen, haiek aldiz urak baretzen. Ugartetxeak «azken aldia izango baita lagunduko diodala» bota zuen lehenengoan, eta Alaiak: «Azken aldia ez da izango zabaltzazu perspektiba/ zenbat gautiar eraman duen tabernako atarira/ arreta eman nahiean dabil egoaren sokatira/ modu txarrean izanagatik laguntza eskatzen ari da». Ezezkoan jarraitu zuen Ugartetxeak bere neurriko zapatak behar zituela erranaz eta bertso polit honekin erantzun zion Martinek: «Baina zapatak aspaldi dauzka zabal ta askatu samarrak/ berriz lotzeko falta zaizkio lazoak eta indarrak/ laguntasuna ez du ekartzen soilik tabernako barrak/ batera edan behar ditugu trago onak eta txarrak».

Zortziko txikian Beñat Ugartetxea eta Aimar Karrikak egindako lana izan zen txalotuena. Arropa denda baten jabea zen Aimar, eta Beñat askotan joaten zen hara arropa probatzera baina deus erosi gabe alde egiten zuen beti. Ugartetxeak «...zapatila politak dituzu gainera/ ai etxean ahaztu zait berriro kartera» bota zion jolasti lehen bertsoan. «Ordenatua naiz ni eta oso fina/ ta zuk uzten didazu guztia zikina/ karteraren bila joan etxera jakina/ ez baduzu probatu nahi nere espartina» erantzun zion Karrikak, eta justuki alpargatak jantzita agertu zen Auriztarra oholtzara atzokoan.

Saio txukuna eta bertso onez josia osatu zuten biek, eta oraino badituzte finalaurrekoetara sartzeko aukerak. Bigarren izan zen Karrika. Puntuka ere fin jardun zen, hona bere bi: «Nola moldatzen zara gauez lo hartzeko?»; «Gaizki moldatzerikan ez duzu usteko/ gaur ere lo egin dut ongi ta perfekto/ta bihar nere ustez oraindik hobeto.» «Ohean sartu eta orduak luzeegi»; «Ohe barrenean ai inoiz ez gehiegi/ berdin zait ordu laurden edo ordu erdi/ beti nahi dugu bertan guk gustora segi».

Kartzelan Alaia nabarmendu zen, “Komisaldegitik deitu dizute agertu dela erranaz” gaiarekin: «Bildurra nagusi bada beltzagoa denez gaba/zenbat minutuz begira ordulari honetara/ haserre bat izan gendun ta bost egun dira jada/ falta zaizkidala bere mimo bere besarkada/ bere irrifar ta erantzun eta bere begirada/ kiribilduaz joan naiz luzaro nire baitara/ tik-tak ordulari batek dio taupadaz taupada/ baina antza komisarian zain daukat nire alaba». «Komisariak esan dit lasai xuabe-xuabe/ hemen dago bai benetan hemen daukat parez pare/ negarrari eusteko ez dut nahikoa abildade/ bale behar nuke baina oraindik enago bare/ nahiz ta alaba Eider izan den beti aski burujabe/ beldur askotara egin izan dit buruak alde/ bortxatuta hil dutela pentsatu izan dut halare/ neskok beti beldurrera kondenatuta al gaude?». «Gauak bere baitan zenbat drakula zenbat marrazo/ zenbat igual zenbat edo zenbat bueno ta akaso/ baina alabak badaki minetaz egiten paso/ ta haunditzen da haunditzen hasia da mantso-mantso/ komisarian sartu naiz barruko geletara so/ eta hor dago Eidertxo nire sorgin ta iratxo/ ta esan dit damu nintzen ez gaur baizik eta atzo/ hemezortzi bete arte ez naiz joango amatxo».