Iraia OIARZABAL
EKITALDIA DONOSTIAN

IRRIBARREARI EUTSIZ, EZ DUTE AMORE EMANGO

EZ DAGO GARAIPENAREN BILA DOANAREN IRRIBARREA BAINO KEINU ADIERAZGARRIAGORIK. HORRELAKO IRRIBARRE ASKO ARI DIRA IKUSTEN EGUNOTAN KATALUNIAN, ETA ATZO DONOSTIARA ERE IRITSI ZIREN DAVID FERNANDEZ, TERESA JORDA ETA MADDALEN IRIARTEK EMANDAKO MITINEAN. BI HERRI ELKARTUTA, AMORE EMATEA EZ DELAKO AUKERA BAT.

Urriaren 1ean Katalunian hautetsontziak egongo diren edo ez, horren bueltan kokatu da galdera ikurra azken asteetan Espainiar Estatuak abiatutako bide bortitzaren aurrean. Herritarrek jada eman dute erantzuna kaleetan eta David Fernandezek (CUP) argi adierazi zuen atzo: «Ezinezkoa da milioika pertsona gelditzea, gure gorputzak izango dira hautetsontziak».

Badakite arantzaz betetako bidea izango dela, hori duela helburu Espainiak. Eta badakite baita ere horrek ezin duela amore emateko arrazoi izan. «Zer kontatuko dizuegu zuei?», adierazi zuen Fernandezek Euskal Herriak bizitako gatazka eta errepresioa gogora ekarriz. Iriartek ere argi esan zuen: «Espainiak edozertarako prest dagoela dionean, Euskal Herrian badakigu zertaz ari den». Horregatik, desobedientzia eta erresistentzia aldarrikatu zituen Fernandezek eta horiek irribarrez egitera deitu zuen Maddalen Iriartek. «Irribarrearen iraultza» deitu zien Euskal Herriko eta Kataluniako borrokei.

«Ez dakigu amore ematen, ahaztu egin genuen hori egiten. Gure herriarengatik egin duten gauza handiena da», aipatu zuen Fernandezek. Hitz horiek esaten ari zen bitartean milaka pertsona Kataluniako kaleak betetzen ari ziren demokrazia aldarrikatzeko, baita independentzia ere. Herritarren erantzunak eragiten duen harrotasunarekin hitz egin zuen Jordak ere: «Beraiek debekatu egiten dute, baina, guk, arrazoiaz aparte, jendea eta demokrazia ditugu».

Geldiezina bihurtu den prozesuaren erroak non diren ekarri zuen gogora ERCko diputatuak. Arenys de Munt herrian egin zen lehen kontsulta, Kataluniako Estatut-ari erasoak, 2011tik uholde bihurtu diren herri mobilizazioak... Arrazoi sendoak dira, esan zuenez, urriaren 1etik aurrera prozesu konstituziogilea martxan jarriko dela pentsatzeko. «Zentsura mozioa jarriko diogu Rajoy eta bere mafiari. Bozkatu egingo dugu».

Txalo zaparrada artean eman zituen Fernandezek arrazoi gehiago: «Estatu kolpe hau geldituko dugu estatu kolpeak gelditzen diren tokian, kalean. Erreferenduma ilegalizatu nahi badute herri oso bat ilegalizatu beharko dute, bizitza ilegalizatu beharko dute eta hori ezinezkoa da. Galdu egin dute, amorruz eta inpotentziaz datoz. Ez dugu obedituko», esan zuen irmo.

Gure borroka ere bada

Katalunia defendatzea Euskal Herria defendatzea dela azpimarratu dute behin eta berriz azken asteotan EH Bilduko ordezkariek. Eta beraz, Kataluniaren kontrako erasoei erantzutea Euskal Herriaren kontrako erasoei erantzutea dela. Iriartek ideia hori berretsi zuen. Eta anbiguetatea alde batera uzteko eskatu zion Urkullu lehendakariari: «Sumisioa edo burujabetza. Batzuek oraindik ez daukate argi. Edo demokraziarekin zaude edo ez zaude».

“L’Estaca” abestuz eta “Independentzia” oihuen artean amaitu zen atzoko ekitaldia. Giroan nabari zen asko direla Kataluniako prozesua gertutik eta oso barruan sentitzen dutenak. «Norbaitek uste bazuen Herrialde Katalanen ostean ez dela Euskal Herria etorriko, oker daude».

 

Adierazpenak

«Batzuek oraindik ez daukate argi: edo demokraziarekin zaude edo ez zaude»

JOAN PUIGCERCOS

 

«Beraiek debekatu egiten dute. Guk arrazoia, jendea eta demokrazia ditugu»

TERESA JORDA

 

«Kontua ez da irabaztera goazela, baizik eta aspalditik ari garela irabazten»

DAVID FERNANDEZ