GARA
DONOSTIA

Komunikazioa eta kultura emozioen bidetik, Topaketalk jardunaldietan

Euskal kulturako eta gizarteko pertsonaia ezagunek hartuko dute parte gaurtik urriaren 20ra bitartean Donostian, Bilbon, Arrasaten, Gasteizen eta Oñatin egingo diren Topaketalk jardunaldietan. Mondragon Linguak antolatuta, topaketotan komunikazioa eta hizkuntzak izango dituzte hizpide, alderdi emozionaletik jorratuta.

Euskal kulturako eta gizarteko pertsonaia ezagunek hartuko dute parte Mondragon Linguak antolatutako Topaketalk jardunaldietan, eta komunikazioaren, sormen artistikoaren eta hizkuntzen arteko harremanari buruz arituko dira ikuspuntu emozional batetik. «Ez dira ohiko hitzaldiak izango, formatu originalak dituzten diziplina anitzeko ekintzak baizik». Hala, bizitzaren fase desberdinetan artean, musikan, lan humanitarioan edo kirolean izandako esperientzia pertsonalak kontatuko dituzte hizlariek, zenbait kasutan zuzeneko musika emanaldiekin konbinatuta.

Jardunaldietan, besteak beste, Gorka Urbizuk, Kepa Junkerak, Iñaki Perurenak, Izarok, Txaro Arrazolak edo Alberto Iñurrategik parte hartuko dute, eta Donostian, Bilbon, Gasteizen, Arrasaten eta Oñatin egingo dira, gaur hasi eta urriaren 20ra arte. Topaketetan, protagonistak ezagutzen dituzten hizkuntzekin izandako harremanei buruz, ikaskuntzaren eta bizitzaren arteko analogiei eta mundu global batean norbere burua ulertarazteko unean bizi izandako pasadizoez arituko dira.

Gaur abiatuko da Topaketalk, Kepa Junkera eta Iñaki Perurenaren “Trikiharria” performancearekin, Donostian (Koldo Mitxelena, 19.00ean). Leitzako harri-jasotzaileak harriaren, gure jatorriaren eta euskararen historia kontatuko du euskaraz, bederatzi atal laburretan. Bakarrizketa Bilboko trikitilariak saio honetarako bereziki konposatutako doinu berriekin tartekatuta izango da. Urriaren 4an Bilboko Dock Gunean eta 6an Gasteizeko Artiumen ere izango dira, bi kasuetan 19.00ean.

Gorka Urbizuk eta Izaro Andres bakarlariak “Rockomunikazioa” saioa prestatu dute. Hizketaldi lasaian, errepidea, musika munduko prekarietatea, sormen prozesua eta abestiak idazten dituzten hizkuntzekin duten harremana (gaztelania, euskara eta ingelesa) izango dira jorratuko dituzten gaietako batzuk. Urriaren 5an Oñatin, 6an Donostian eta 10ean Gasteizen izango dira.

Alberto Iñurrategi mendizalea eta Xabier Leibar doktorea “Mount hizkuntza” saiorekin datoz. Ikaskuntza, ahalegina, konstantzia eta gozamena baitan hartzen dituen mendia edozein giza jardueraren analogia gisa hartuko da. Eleaniztunak izanik, hizkuntzak ikastearen eta mendi bat igotzearen arteko antzekotasunak ere azalduko dituzte. Urriaren 9an Bilbon eta 17an Arrasaten izango dira.

Azkenik, Txaro Arrazola artistak, Aicha Iglesias siriar jatorriko errefuxiatuak eta Ruper Ordorika musikariak “Hizkuntzek bizitzak salbatzen dituztenean” proposamena landu dute. Hizlariak hizkuntzaren oinarrizko alderdiez ariko dira, bai bizitzak salbatzeko unean bai errefuxiatuen egunerokoan. Urriaren 20an izango da saioa, Gasteizen.

Ekitaldiak doakoak dira, azkena izan ezik, 5 euro eskatuko baitituzte errefuxiatuei laguntza bideratzeko. Hori bai, Mondragon Linguan eman behar da izena, edozein zentrotan edo www.mondragonlingua.com-en.